Omenaldi hunkigarria, Dominika Agergarairi

Noaua Aldizkaria 2016ko urt. 27a, 09:25

Joan den larunbatean Usurbilgo Sutegin Nafartarrak kultur taldeak antolaturiko hitzordu garrantzitsua zegoen, Iñaki Agirrerasobek helarazi digun ondoko kronikan gogorarazten digun moduan. "Zuberoako Dominika, dela gutxi zendu zena, omentzeko parada zegoen. Usurbil eta Urdiñarbeko herrien arteko 20 urteko harremana ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Urte luzez bizkar hezurra suertatu zena, ustekabean itzali zen urrian, baina bere argindarrak jarraipena izateko omenaldi bero eta sutsua izan zuen leporaino beterik zegoen aretoan. Lehenik, maskaradako xorrotxak gogoratuaz, Pello Zubiria eta Joseba Tapia aritu ziren. Usurbilgo kontuak aipatu zituzten.

Bestalde, Bordaxarren laukoteak ahots gozoz abesturiko kantuak eskaini zituen. Ondoren, Iñaki Agirresarobek eta Kerman Rekondok bi herrien arteko harremana gogoratzeko bertso bana abestu zituzten.

Artzain prestua ta langilea

gainera amesgarria,

hire ezpainetan heraman beti

alaitasunez irria,

Urdiñarbe ta Usurbilekin

mantenduaz lokarria,

abesti franko izango dituk

beti denen euskarria

zabalduaz azkorria.

Zure bizitza eman zenion

bihotzez Zuberoari,

bere dituen nekazaritza

kultur eta kirolari,

lokarri batez korapilatuz

gure Euskal Herriari,

ta orain heldu behar diogu

zuk utzitako lanari,

zure irriak jarraitu dezan

Euskal Herrian kantari.

Jarraian Usurbilgo dantzariak, Mixel Etxekopare eta Bedaxagar aritu ziren. Omenaldi hunkigarria, beroa eta xaloa gertatu zen. Xiberotarren izenean Jargo Etxeberri aritu zen hizketan eta eskerrik beroenak jaso zituzten bildutakoek.