Etxez etxeko laguntza zerbitzua esleitzeko deialdia egingo du berriz Udalak

Noaua Aldizkaria 2016ko urt. 27a, 07:59

Usurbilgo Udalak etxez etxeko laguntza zerbitzua esleitzeko egin berri duen lizitazioa desertu geratu zen; alegia, deialdira ez zen inor aurkeztu. Asteartean eginiko osoko bilkuran, gobernu taldetik aditzera eman zutenez, lizitazioa berriz abiatuko du Udalak.

Bitarte horretan ordea, zerbitzua eskaintzen segi behar zaie erabiltzaileei. Kontua da, egun etxez etxeko laguntza kudeatzeaz arduratzen den Arreta Zerbitzuak S.L. enpresarekin Udalak sinatua zuen kontratua amaitu berri dela. Zerbitzua esleitu ostean, Udalak aipatu enpresarekin 2010eko urtarrilaren 2an 4 urterako formalizatu zuen kontratua. Beste bi urtez luzatzeko aukera zegoen, eta 2 urtez luzatu da.

Honenbestez, "luzapen guztiak burututa daude". Lizitazio berria gauzatu artean eta "orain arteko baldintza berdinetan" Udalak Zerbitzuak S.L. enpresarekin hitzartua duen kontratua gehienez beste 6 hilabetez luzatzea onartu du udalbatzak aho batez, asteartean egindako osoko ohiko bilkuran.

Aldeko bozkekin, alkateak gai honi lotuta abenduaren 30ean emandako 2015/1218 dekretua berretsi zuten udal ordezkariek.