EAJ, PSE eta PP alderdien bozkekin atzera bota dute Donostiako udalbatzan, EHBilduk eta Irabazi Donostiak erraustegiaren aurka ostegun honetako osoko ohiko bilkuran aurkeztu duten mozioa. Tentsio unerik ere bizi izan da plenoan, bertaratu diren zenbait hiritar erraustegiaren aurka oihuka hasi direnean. Eneko Goia alkateak udalbatza aretotik kanporatu egin ditu.
Erraustegia bertan behera uztea eta zero zabor norabidean urratsak ematea eskatzen zuen testuak. Honela dio hitzez hitz, onartu gabe geratu den mozioak:
"Foru Aldundiko arduradun berriek martxan jarri nahi dute, ostera ere, Zubietako errauste plantaren proiektua. Asmo hori, ordea, ez dator bat Europako Parlamentuak 2015eko ekainaren 9an onartutako ebazpenarekin (EAJ, PSOE, PP, IU, EH BILDU, PODEMOS, EUROPAR UDABERRIA eta beste hainbaten aldeko botoekin onartua).
Izan ere, ebazpen horretako artikulu batek, beste hainbaten artean, hauxe dio:
35. artikulua:
Hondakin organikoak gaika biltzeko betebeharra, beranduenez 2020rako. Birziklatu ezin diren hondakin biodegradaezinak baino ez erraustea 2020rako. Hondakinen isurketa nahitaez eta progresiboki gutxitzea. Tasak jartzea hondakinak zabortegietara botatzeagatik eta errausteagatik.
Zati birziklaezina, “errefus” esaten diogun hori, hondakin guztien % 12 inguru da. Gipuzkoan, 2014an, 315.000 tona hondakin sortu ziren guztira. Horrek esan nahi du 2020an 38.000 tona besterik ez dela erretzerik izango. Hala ere, 200.000 tona erretzeko moduko planta bat egingo da.
Are gehiago: Europaren, nazioen eta lurraldeen politiken xedea errefusik ez sortzea da; beraz, epe ertain-luzera, ezingo da ezertxo ere erraustu.
Europako hainbat lekutan (Suedia, Alemania, Danimarka, Herbehereak, Mallorca…), erraustegietarako erregaia falta dute, eta ohikoak dira zabor inportazioak eta esportazioak . Kontuan hartuta lurraldeen, herrialdeen eta Europaren helburua hondakin gutxiago sortzea eta gaikako bilketaren tasa eta birziklatze tasa handitzea dela, egunetik egunera gero eta konpetentzia handiagoa izango da arlo horretan. Akats estrategikoa litzateke Gipuzkoarentzat zaborraren inportazio merkatu horretan sartzea, jadanik gutxitzen ari baita eta azkenean desagertu ere egingo baita.
Energia berreskuratuz erraustea tratamendu termiko bidezko sistema bat da, energia eraginkortasun gutxikoa, baliabide material eta energetikoak xahutzen dituena, ingurumenean existitzen ez diren gai toxiko batzuk ekoizten dituena, birziklatzeko pizgarria kentzen duena eta gaitasun gutxi duena lana sortzeko eta sostengagarria izateko.
Erraustegiek, errautsa eta zepa toxikoak ekoitzi eta ura kutsatzeaz gain, ikatza erretzen duten zentral termikoek baino bi aldiz ere berotegi efektuko gas gehiago sortzen dute, kilowatt-orduko, elektrizitatea sortzeko. Horren arrazoia da, berriz ere, energia eraginkortasun gutxikoak direla eta, horregatik, proportzioan, askoz ere hondakin gehiago erre behar izaten dela, pisuz eta bolumenez, elektrizitate unitate bat ekoizteko.
Gainera, herri honetako hainbat talde politikok eta komunikabidek esaten dutenaren kontra, erraustegia jarrita ere berdin-berdin beharko dira zabortegiak; izan ere, erraustearen ondoriozko zepak botatzeko ohiko zabortegien beharra izango da, aldameneko lurraldean egiten duten bezala.
Alderdirik larrienari begiratuta, osasunean izan dezakeen eragina kezkagarria da. Europan egindako dozenaka azterlan epidemiologikok erakusten dute erraustegietatik gertu bizi direnek probabilitate gehiago dituztela minbizia, leuzemia, malformazio genetikoak, mutazioak eta beste hainbat gaixotasun izateko. Erraustegiak dioxina sortzaile handiak dira, eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) berak minbizia eragiletzat jo ditu. Partikula horiek elikatze katearen bidez sartzen dira gorputzean, metatu egiten dira eta ez dago kentzeko modurik. Frantziako Medikuen Plataforma Nazionalak (osasun erakunde nagusiak bertan biltzen dira) errauste planten gainean luzamendu bat eskatu zion gobernuari 2007an. Dominique Belpomme kantzerologo frantses ezagunak dioenez, “erraustearen alde egiteak minbizi arriskua hartzea dakar”.
Gaur egun, Gipuzkoan nahi dugun eredu sostengagarria osatzeko, hainbat konpostatze planta beharko genituzke, eta inerteen zabortegi bat edo batzuk, hondar zatirako. Aukera hori, sostengagarriagoa eta osasungarriagoa izateaz gain eta Europako araudiarekin bat etortzeaz gain, erraustegia eta zepa zabortegia baino merkeagoa litzateke eta lanpostu gehiago sortuko lituzke. Beste leku batzuetan badira hiri hondakinak tratatzeko plantak jartzeko halako planak, eta hemen, Gipuzkoan, jadanik landu da gai hori (bi konpostatze planta, tratamendu mekaniko-biologikoko (TMB) planta bat, hondakin inerteen biltegi bat eta ohiko zabortegiak ixtea). Ez genuke hutsetik hasi beharko.
Hori dela eta, hauxe da Irabazi Donostiak eta EH Bildu Donostiak aurkezten duten
MOZIO ARRUNTA
Donostiako Udalbatzak arbuiatu egiten du Zubietan edo beste edozein udalerritan erraustegi bat jartzea.
Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen die Gipuzkoako Foru Aldundiari, mankomunitateei eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari Zubietako errauste plantaren proiektua alde batera utzi eta har ditzatela hondakinen kudeaketan hartu beharreko neurriak hondakin gutxiago sortzeko, behar bezala birziklatzeko eta “zero zabor” ekonomia zirkularreko eredurantz aurrera egiteko.
Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio Gipuzkoako Aldundiari ahalik eta azkarren jar dezala plan bat martxan oraingo kudeaketa sistemaren zirkulua ixteko behar diren konpostatze plantak, errefusa tratatzeko planta eta inerteen biltegia jartzeko.
Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio Gipuzkoako Aldundiari ireki dezala udalerriekin eztabaidatzeko eta negoziatzeko prozesu bat, tratamendu planten plan hori zehazteko eta gauzatzeko, gardentasuna eta lankidetza aintzat hartuta".