Juanma Iturriondo herritarra, "AEK-jendea" egitasmoko irudi

Noaua Aldizkaria 2016ko urt. 28a, 10:27

Euskaraz bizitzeko hautua egin dutenak erdigunean jarriko ditu aurrerantzean AEK-k, "AEK-jendea" egitasmoaren bidez. Bere burua euskaltegian euskaldundu eta egun euskaraz bizi diren herritarron aurpegiak ezagutzera eman nahi dituzte ekimen berri honen bidez, "euskarak irabazten dituen pertsonak dira, eta, era berean, mundu berri bat eskuratzen duten lagunak ditugu" eta. Guztira, 300.000 hiztun berri omen ditugu geure artean eta "horko heren bat euskaltegietatik atera da".

Egitasmo honen baitan, urtero euskalduntzeko bidea osatu duen lagun bat aurkeztuko digute. "Urtero aukeratuko dugun pertsona hori herritar askoren "ordezkaria" izango da. Garrantzitsua iruditzen zaigu izena eta aurpegia jartzea AEKn bizi-esperientzia aparta izan duten pertsona horiei", AEK-tik adierazi dutenez.

"AEK-jendea" ekimeneko lehen aurpegia aurkeztu berri digute; lasartearra bera, egun Usurbilgo bizilaguna dugu; Juanma Iturriondo. AEK-ren esanetan, "duela 20 urte baino gehiago euskara ikasi zuen, eta hortik aurrera, euskaldun bezala bizitzeko aukera ere izan du, eta jorratu du. Erabiliz haren maila hobetzen joan da, eta Lasarte-Orian nahiz Usurbilen (oraingo bizitokia) euskaldun bezala bizi da, behin hautua hartua, eta haren burua euskaltegian euskaldundu ondoren. Zorionak Juanma!".

Juanma Iturriondoren lekukotza ezagutu nahi? Albiste honi atxikitako bideo honetan bildu du AEK-k.