"Legegintzaldi honetan guztia amaitua utzi nahi dute, lotua, ondo lotua, ez dute aukera txiki bat ere utzi nahi, 2011koa errepikatu eta berriro ere errauste planta gelditzeko aukera izatea". Hala dio Zubietan eraiki asmo duten erraustegiaz, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandietak, aste honetako NOAUA!ri eskaini dion elkarrizketan.
Erraustegia ez eraikitzeko giltza elkarlanean kokatzen du. Bere esanetan, "guztion indarrak batuz, eskutik heldu eta norantza berdinean jarriz gero, herri honek duen gaitasuna berriro ere errauste planta ez egiteko giltza izango da". Bere adierazpen guztiak, aste honetako NOAUA!n irakur ditzakezue.
Hitzaldia ostiralean
"Errauskailua Gipuzkoan. Ez al genuen, ba, gelditu?" hitzaldia antolatu du Erraustegia Erabakia, erraustegiaren inguruan herri galdeketa egitea eskatzeko sortua den Usurbilgo herri plataformak, ostiral honetarako, urtarrilaren 29rako arratsaldeko 18:30etan Potxoenean. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandieta ariko da hizlari lanetan.
Erraustegiaren aurkako martxa, otsailaren 28an
Erraustegia eraiki asmo duten "0 gunera" mendi martxa antolatu du otsailaren 28rako, Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Azpiegituraren kokagunea inguratzen duten udalerrietatik herritar zutabe bana abiatuko da hilabete barru, zero gune horretara. Puntu horretan elkartuko dira herritar zutabe guztiak. Eta gero, Zubietara jaitsiko dira. Antolatzaileek dagoeneko finkatu dituzte martxa honen abiapuntu, elkargune eta amaiera hitzorduak:
Abiatzeko hitzorduak
08:00 Zizurkilen, plazatik.
08:30 Hernanin, Gudarien Plazatik.
09:30 Añorga Txikitik.
10:30 Lasarte-Orian, Okendo plazatik.
11:00 Usurbilen, frontoitik.
11:00 Zubietan, frontoitik.
Herritar zutabeen hitzordu bateratua
12:00 Zero puntuan.
Amaiera
13:00 Zubietako frontoian.
Deitzailea: Errausketaren Aurkako Mugimendua.