Erraustegia Erabakia taldea sinadura biltzen aritu da azkenaldian. Ostiral honetarako, hitzaldi bat antolatu dute Potxoenean. Ainhoa Intxaurrandietak eskainiko du eta galdera hau izango du abiapuntu: “Errauskailua Gipuzkoan. Ez al genuen ba, gelditu?”. Aurretik, NOAUA!ren galdera hauek erantzuteko denbora hartu du GHKko lehendakari ohiak.
NOAUA! Memorandum modukoa egiteko asmoa duzu edo azken aldian eman diren albisteak izango al dituzu hizpide?
Ainhoa Intxaurrandieta. Errepaso orokor bat emango diot geldiaraztea lortu genuen errauste plantaren ondorengo auziei, epaitegietan ditugun aferak, zein egoeratan dagoen gaia. Gaur egun planteatzen ari diren errauste plantaren inguruan ere arituko naiz noski, proiektu ezberdinez ari bagara ere, sustrai edo erro berdina duen arazoaz ari baikara.
N. Urte hasieran hauxe irakurri genuen Argian: “Bilboko Zabalgarbi errauskailuak erre zuen %85 birziklagarria zen eta %1,6 arriskutsua”. Aurreko astean, honako goiburua DVn: “La Diputación acelerará la incineradora ante el futuro incierto del único vertedero”. GHKko lehendakari izan zinen aldetik, zer nolako sentimenduak eragiten dizkizu bi goiburuen arteko kontrasteak?
A. I. Beti esan duguna konfirmatu besterik ez du egiten honek. Errauste planta batek birziklagarriak diren materialak “behar” ditu erretzeko, alde batetik errefusa soilik erre beharko balu oso oso tona gutxi izango lituzke eta bestetik juxtu birziklagarriak direnak (papera, kartoia eta plastikoak), erregai onenak direlako. Errauste planta bat diseinatzen dutenean, oso argi dute birziklagarriak direnak erre behar dituztela eta honek tristetu egiten nau. Agintean daudenek herritarron interesak defendatu beharko lituzkete, ez hauen interesen kontra egin batek daki zeren edo zeinen interesen defentsan aritzeko.
DVn agertzen den moduan, zabortegien gaitasuna beti izan dute aitzaki errauste planta bat justifikatzeko. Azken hamarkada honetan, behin eta berriz esan digute zabortegiek gainezka egingo dutela, `kolmatatuta´ zeudela. Sinestarazi nahi izan diguten hori ordea ez da egia. Zabortegietan bazegoen beste hamarkada luze batez isurtzen jarraitzeko aukera. Baina oso argi dut, zabortegien ereduarekin ere amaitu behar dugula. Ezin ditugu birziklagarri eta konpostagarriak direnak erre, ez eta zabortegi batean isuri.
N. Zabortegiekin jarraituz, Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaleak dio errauste plantaren eraikuntza azkartu egin behar dela. Irudikatzen duten bezain urgentea al da zabortegien inguruko afera?
A. I. Ez, lehen esan dudan moduan, zabortegietan bazegoen, eta beraz badago urte luzez isurtzen jarraitzeko gaitasuna. Errauste planta behar beharrezkoa dela sinestarazteko erabili duten gezur bat izan da. Hain urgentea bada beraientzat errauste planta eraikitzea ez da zabortegien gaitasunagatik. Legegintzaldi honetan guztia amaitua utzi nahi dute, lotua, ondo lotua, ez dute aukera txiki bat ere utzi nahi, 2011koa errepikatu eta berriro ere errauste planta gelditzeko aukera izatea.
Lehen ere aipatu dut zabortegien ereduarekin ere amaitu behar dela. Ez da onargarria birziklagarri eta konpostagarriak direnak zabortegietan isurtzea inguru guztia kutsatuz. Eredu honen soluzioa ordea, ez da askoz kutsakorragoa eta askoz garestiagoa den azpiegitura bat egitea, errauste planta bat egitea. Guzti honen atzetik interes ekonomikoak daude. Herritarron Osasuna kaltetzea herritarron diruarekin ordaindutako azpiegitura batekin erokeria hutsa da, ezin dugu onartu.
“Herri mugimenduaren indarra behin eta berriro ikusi dugu izugarria dela”
Lasarte-Oriako Udala errauste planta Zubietan eraikitzearen aurka agertu zen duela hilabete batzuk. Urtarrilaren 16an “Zubieta SOS” manifestua aurkeztu zen. Egun berean, Ipar Haizea Errausketaren Aurkako Plataforma osatu zen Andoainen. Ainhoa Intxaurrandietaren esanetan, “herri mugimenduaren indarra behin eta berriro ikusi dugu izugarria dela. Euskal Herrian oso ondo dakigu zer den botere ekonomikoek agintzen duten ereduaren kontra borroka egitea, eta hau ere borroka horren beste lagin bat besterik ez da. Herri mugimenduak, herri mailako instituzioak, osasunaren defentsan lan egiten dutenek,… Guztiok egin behar dugu indar norantza berdinean”.
Lasarte-Oriako Udalaren erabakiaren harira, “argi ikusi dugu Lasarteko udalak onartu zituen mozioengatik, herriak, herritarrok, ez dugula horrelako munstro bat gure etxe ondoan nahi”, adierazi digu Intxaurrandietak. “Ez da onargarria ordea, gure etxe ondorako nahi ez duguna, besteen etxe ondorako nahi izatea. Guztion indarrak batuz, eskutik heldu eta norantza berdinean jarriz gero, herri honek duen gaitasuna berriro ere errauste planta ez egiteko giltza izango da”.
Ainhoa Intxaurrandietaren hitzaldia Potxoenean
Urtarrilaren 29an ostirala. Potxoenean, 18:30ean.
Gaia: “Errauskailua Gipuzkoan. Ez al genuen, ba, gelditu?”.
Antolatzailea: Erraustegia Erabakia.
Argazkia: Urola Kostako Hitza.