Artze, goian behean

Noaua Aldizkaria 2016ko urt. 30a, 10:00

Kanpai-hotsak urrunean, haizearen zurrunbiloa, hitzak hegan... Modu iradokitzailean abiatzen da Joxan Artzeren inguruko bideo instalazioa. Eta giro horretan jarraituko du amaierara arte. Konturatu orduko, bisitariak Joxan Artzeren unibertsoan murgilduta ikusiko du bere burua.

Alberto Lizarraldek eta Carlos Rodriguezek zuzendu dute erakusketa, Donostiako San Telmo museoak, EHUko Mikel Laboa katedrak eta Morgancreak lagunduta. Instalazioa, Joxan Artzeren ibilbidean egindako bidaia bat da. 2013an bi liburu plazaratu zituen Joxan Artzek Elkar argitaletxearekin. Azken lagin hauek ordea ez dute isla handirik erakusketa honetan. Oraindik orain, poetak idazten jarraitzen duen seinale gisa edo. Akaso hori da, jartzekotan, jarri daitekeen eragozpen bakarra.

Iradokitzailea

Luze zabal hitz egin daiteke Joxan Artzeren unibertso poetikoaz. Bideo instalazio honetan ordea, iradokizunetan dago mezuaren indarra. Beraz, ahaztu ohiko erakusketaren mekanika. Bideo-instalazio honek bestelako kodeak jarraitzen ditu. Lau pantaila, pareta eta zorua ari dira solasean. Artze ari du ezker eskuin, Artze ari du goian behean. Era honetan, poetaren irudi poliedrikoa agertuko zaio begien aurrean bisitariari. Artzeren unibertsoaren erakusgarri.

‘Hartzabal’ garaia

Hartzabal, Hartzut, JA Artze... Garaiaren arabera, aldartearen arabera, izen edota izengoiti ezberdinak baliatu ditu poetak. 2013an plazaratu zituen bi liburuak Joxan Artze bezala sinaturik zetozen.

Laboaren itzala

Txalaparta ezinbesteko doinua izan da Artzeren ibilbidean. Eta txorien kantua. Ziurrenik, horiek dira bere soinu bandaren ikur nagusienak. Ikimilikiliklik JA Artzeren unibertsoa erakusketan, trumilka datoz hitzak, txalaparta doinuak eta txorien hegaldiak.

Soinu bandaz ari garela, Mikel Laboaren kantuek ere pisu handia dute erakusketan. Azken batean, Laboaren kantuak Artzerenak beste dira. Eta erakusketan, jakina, Laboaren itzala ageri da. Maite ditut maite abestiaren doinuarekin abiatzen da, hain zuzen, ‘Hartzabal’ izeneko atala. Erakusketaren hasierako ataltxo honetan, Usurbilgo argazkiak, 60 eta 70etako gertaerak eta Ez Dok Amairuko irudiak uztartzen dira.

Garaiko grabazioei esker, Ikimilikiliklik bidekidekariaren audio zatiak entzuteko parada du bisitariak. Eta hitzen eta irudien bitartez, 1975-1978 urteetan eginiko ikuskizun haietara garamatza erakusketak. Eta konturatuko gara aitzindaria izan zela idatzitakoa paperera eramaten, eta baita idatzitakoa plazaratzen ere. “Lanalanalana” bucle-aren bitartez ohartuko gara performance delakoak egiten ere aurrenetakoak izan zirela Artze anaiak (eta konpainia). Orain hain ohikoa zaigun definizioa –performance delakoa– erabiltzen ez zen garaian. Pentsa.

Collage ikusgarria

Hitz-jokoak, hitz loturak, maiz ageri dira poetaren ibilbidean. Eta bideo instalazio honen egileek ederki asmatu dute horretan. Hitzak txirikordatuz, San Telmoko pantailetan collage ikusgarriak osatuz.

Artzeren ibilbidean erreparatzen hasi eta pentsaezina litzateke Hegoak ebaki banizkio poemaz ez akordatzea. Ageri da erakusketan, ordea. Nola ez ba. Hau ere, modu iradokitzailean. Joxan Artze albora begira ageri da. Eta poema hori bera du ahotan. Ez gaztetako Joxanen ahotsean. Gaurko Joxanen ahotsean baizik. Hitzez eta irudiz. Erakusketa honetarako propio eginiko grabazioa dela ematen du. Eta Artzeren bozak harrapatuta, poemarekin batera datozen hitzekin, irudiekin eta doinuekin bustitzen joango da ikuslea. Xirimiri betean. Artze ari du San Telmon. Eta Mikel Laboa, eta Ez dok Amairu, eta Jexux anaia, eta garai bateko eta egungo Usurbil. Artze ari du San Telmon. Artze, goian behean.

Beste bi astez ikusgai

Erakusketa otsailaren 14ra arte egongo da ikusgai Donostiako San Telmo Museoaren bigarren solairuan, Laborategi Aretoan. Oraindik agertu ez bazarete, bi aste dituzue aurretik. Asteartetik igandera irekitzen dute museoa, 10:00etatik 20:00etara.  Bideo-instalazioak ordu erdiko iraupena du eta bucle-an dago ipinia. Sarrera  doan da.