Urte berriko lehen kantu jira aipatu moduan, larunbat honetan, urtarrilaren 30ean, iluntzeko 19:00etan, Mikel Laboa plazatik abiatuta. Kantuzalea den herritar orok parte har dezake, afal ordura arte luzatuko duten kalejiran.
Baita astearteetako ikastaroan ere. Gabonetako etenaldiaren ostean, Usurbilgo Kantu Taldeak urtarrilaren 12an ekin zien berriz entsegu saioei. Urtea hastearekin batera ikastaro berria abiatu zuten. Gogoan izan, parte hartu nahi dutenentzako izen ematea, 10 euro dira. "Edozein herritarrek euskal kantuen ikastaroan parte hartzeko aukera du. Kantu zaharrak eta berriak ikasiz edo errepasatuz", berri eman dute Kantu Taldetik.
Saioak, ohi bezala, asteartero, 18:30-19:30 artean izaten dira, Udarregi Ikastolako kantu gelan, ikastolako irakasle Susi Elosegik bideratuta.
Otsaileko kantu-jira, eguerdian
Larunbateko kantu-jira ohi bezala, iluntzeko 19:00etan hasiko da. Hilabete barrurako antolatu dutena aldiz eguerdian izango da. 12:00etatik 14:00etara ospatuko da otsaileko kantu-jira. "Har ezazue liburuxka eta zatozte elkarrekin kantatzera", luzatzen dute gonbita Kantu Taldetik.