Natali Izagirre Aginaga, gidabaimena euskaraz ateratzeagatik saritua

Noaua Aldizkaria 2016ko urt. 28a, 20:39

Buruntzaldean gidabaimena euskaraz ateratzeak saria izaten du. Galdetu bestela, Andoaingo Mendi eta Bengoetxea, Astigarragako Otamendi, Hernaniko, Lagunak, Hernani eta Otamendi, Lasarteko Izarra, Lasarte eta Mugica eta Urnieta zein Usurbilgo Solozabal autoeskoletako ikasleei. Prestakuntza gune guztiotan iaz gidabaimena euskaraz prestatu eta gainditu zutenen artean, 11 ikasle saritu dituzte gaur, Buruntzaldeko udal eta autoeskolok, sektorea euskalduntzeko 2010. urteaz geroztik martxan duten kanpainaren baitan.

11 saritu

Udalerri bakoitzean dagoen auto eskola kopuru adina sari banatu dituzte. 400 euroko 11 sari guztira Buruntzaldean; horietatik 2 Andoainen, 1 Astigarragan, 3 Hernanin, 3 Lasarten, 1 Urnietan eta 1 Usurbilen. Usurbilen autoeskola bakarra dugunez, iaz gidabaimena euskaraz atera zuten herritarren artean egin duten zozketan, Natali Izagirre Aginaga gaztea izan da zorteduna. Gidabaimena euskaraz ateratzeagatik, 400 euro irabazi ditu. Zorionak!

Gainerakook, gidabaimena euskaraz ateratzen segi eta halako sariak irabazteko aukera izango duzue urtebete barru, kanpaina honekin jarraitzeko asmoa baitute Buruntzaldeko 6 udal eta 11 autoeskolek, "gazteek ikus dezaten, ikasketetatik edo familiatik kanpo ere bizi daitekeela euskaraz". Lasarte-Oriako udaletxean ospatu den zozketan, ezinbestekotzat jo dute autoeskolen inplikazioa.

Parte hartzea laukoiztu da

Eta gazteena noski. Gidabaimena euskaraz ateratzeko gonbita luzatzen zaie urtero Buruntzaldeko udal eta autoeskoletatik. 2015ean eskualdeko 113 gazte izan ziren gidabaimena euskaraz ateratzeko hautua egin zutenak. Kopurua, aurreko urteetan baino zertxobait baxuagoa izan zen eta azken urteotan emandako gorakada eten da. Kanpaina honen sustatzaileek sakonago aztertzeko asmoa dute ia zerk eragin duen beherakada, baina aipatu dutenez, "jendartean bizi dugun egoerak" zerikusia izan dezake.

Halere, 2010ean egitasmoa abiatu zutenetik urteotan laukoiztera heldu dira, gidabaimena euskaraz ateratzera animatzen diren gazteen kopurua:

Urtea/Buruntzaldean gidabaimena euskaraz atera zuten gazteen kopurua 

2010: 34.

2011: 60.

2012: 112.

2013: 135.

2014: 140.

2015: 113.