1.185 eskaera, erraustegiari buruzko herri galdeketa egiteko

Noaua Aldizkaria 2016ko urt. 30a, 14:45

Azaroan jendaurrean aurkeztu zuten usurbildar eta zubietarrez osaturiko Erraustegia Erabakia plataforma erraustegiaren inguruko galdeketa egitea eskatzeko sinadurak biltzen aritu da azken hilabeteotan. Guztira, 1.185 usurbildarren atxikimenduak jaso dituzte. "Helburutzat markatu genuen sinadura kopurua erraz gainditu dugu", zioten plataformako kideek, bildutako sinadura guztiok Usurbilgo Udalari emateko, larunbat eguerdi honetan, udalbatza aretoan egin den ekitaldian.

Zorion eta esker hitzak baino ez zituzten, ekimenean parte hartu duten herritar guztientzat. Txalo artean entregatu dizkiote Udalari, 1.185 atxikimenduak edo euren esanetan, "erraustegia bozkatzeko 1.185 arrazoi".

Erraustegia Erabakiak Udalari egiten dion eskaria argia da; "galdetu herriari ea erraustegia egitea nahi duen ala ez". Bildutako sinadurak Udalari eman aurretik, plataformako kide batek honako adierazpen hau irakurri du:

1.185 arrazoi erraustegia bozkatzeko

Baztertuta zegoen erraustegiaren egitasmoa, Gipuzkoako Foru Aldundiko agintari berriek berpiztu eta eraikitzeko asmoa agertu dute. Kezka eta gatazka, hasiera hasieratik, instituzioetan baino kaleetan egon da. Erraustegi hori, guk, herritarrok, ordaindu beharko genuke gure osasunarekin eta gure diruarekin, baina inork ez digu galdetu ea erraustegia nahi dugun ala ez.

Bada garaia gizartean hainbesteko polemika harrotzen duten gaietan herriari hitza emateko. Kultura demokratikoa sakondu behar dugu: agintariek, herriari erabakitzen uzteko ohitura hartu behar dute. Hori bultzatzeko, hainbat zubietar eta usurbildar elkartu ginen joan den azaroan, eta erraustegiaren gaian gure ahotsa entzunarazteko sinadurak biltzeari ekin genion. Gaur, 1.185 herritarrek bere enkargua ematen diote Usurbilgo Udalari: galdetu herriari ea erraustegia egitea nahi duen ala ez.

Garaiak aldatzen ari dira, herria ez da asetzen 4 urtez behin bozkatuta. Arazo bat instituzioen geletatik kalera ateratzen denean, erabakitzeko esparrua ere mugitu egiten da. Gipuzkoako agintariek ez dute oraindik hori ulertu. Usurbilen, bertakoek bertan eragitea erabaki dugu, eta, gaur, 1.185 arrazoi eman diegu ulertarazteko.

Zorionak eta milesker sinadurak biltzen eta ematen parte hartu duzuen herritar guztioi. Helburutzat markatu genuen sinadura kopurua erraz gainditu dugu eta!!! Hemendik aurrerako erraustegiaren inguruko ekimenetan ere ikusiko garelakoan... Berriz ere zorionak!

Erraustegia: Herriak Erabaki!

Erraustegia Erabakia