Erraustegiaren inguruko herri galdeketa antolatzea eskatzeko, hilabeteotan bildutako 1.185 usurbildarren sinadura entregatu dizkio Erraustegia Erabakia plataformak Usurbilgo Udalari, larunbat eguerdi honetan udalbatza aretoan ospatu den ekitaldian.
Pozik eta galdeketa antolatzeko gogoz jaso ditu Udalak, usurbildarren eskaerok. Xabier Arregi alkateak adierazi duenez, "eskaera bat egin diguzue, kontsulta bat antolatzeko, Usurbilek erraustegia egin nahi duen edo ez erabakitzeko eta guretzat eskaera hori mandatu bat da, agindua da. Herriak eskatzen duena hona iritsitakoan, guretzat mandatuan bihurtzen da eta egin ahalak eta bi egingo ditugu mandatu hori aurrera eramateko".
Udal barruan adostasunak biltzen saiatuko direla adierazi du, bidean sor daitezkeen arazoei aurre egiten saiatuko direla baita, "azken batean herri kontsulta eraginkor bat egiteko".
Usurbil, "herri konprometitua"
Hilabeteotan bideratu den sinadura bilketa kanpainan parte hartu duten herritar guztiak zoriondu nahi izan ditu. "Gure ustez hemen erakusten da berriz ere, Usurbil herri aktiboa, herri konprometitua dela. Gertatzen zaizkigun arazoekin kezkatu eta irtenbideak proposatzen dakien herria dela", alkatearen esanetan. Bere adierazpenak, albiste honi atxikitako bideoan entzun ditzakezue.