Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren esleipenerako eskabideak aurkezteko epea zabalik

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 2a, 13:20

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak argitaratu du, etxez etxeko laguntza zerbitzua esleitzeko Usurbilgo Udalaren lizitazio iragarkia. Bi urtetarako esleipenaz ari gara, "beste urte beteko bi epez luzagarria" izan daitekeena. Eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea dute interesdunek. Eskabideak udal erregistroan aurkeztu beharko dira; astelehenetik ostiralera, 08:00-14:30 artean. Agiriak eskuratu eta informazio gehiago jasotzeko:

Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

usurbil.eus

943 371 951

kontratazioa@usurbil.eus

Egungo kudeatzaileei, kontratua luzatuko zaie

Usurbilgo Udalak etxez etxeko laguntza zerbitzua esleitzeko egin berri duen lizitazioa desertu geratu zen; alegia, deialdira ez zen inor aurkeztu. Urtarrilaren 26an eginiko osoko bilkuran, gobernu taldetik aditzera eman zutenez, lizitazioa berriz abiatuko du Udalak. Prozedura martxan dute jada.

Bitarte horretan ordea, zerbitzua eskaintzen segi behar zaie erabiltzaileei. Kontua da, egun etxez etxeko laguntza kudeatzeaz arduratzen den Arreta Zerbitzuak S.L. enpresarekin Udalak sinatua zuen kontratua amaitu berri dela. Zerbitzua esleitu ostean, Udalak aipatu enpresarekin 2010eko urtarrilaren 2an 4 urterako formalizatu zuen kontratua. Beste bi urtez luzatzeko aukera zegoen, eta 2 urtez luzatu da.

Honenbestez, "luzapen guztiak burututa daude". Lizitazio berria gauzatu artean eta "orain arteko baldintza berdinetan" Udalak Zerbitzuak S.L. enpresarekin hitzartua duen kontratua gehienez beste 6 hilabetez luzatzea onartu du udalbatzak aho batez, asteartean egindako osoko ohiko bilkuran.

Aldeko bozkekin, alkateak gai honi lotuta abenduaren 30ean emandako 2015/1218 dekretua berretsi zuten udal ordezkariek.