Astearte honetako, otsailaren 2ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak argitara eman du Artzabal jatetxea esleipen prozedura martxan dela berri emateko Usurbilgo Udalaren iragarkia. Eskabideak aurkezteko 20 egun naturaleko epea egongo da udal erregistroan; astelehenetik ostiralera, 8:00-14:30 artean, otsailaren 2tik zenbatzen hasita. Informazio gehiago:
943 371 951
kontratazioa@usurbil
Esleipena, azken osoko bilkuran onartua
Gure Pakea Elkarteak Artzabalen duen egoitzako tabernaren kudeaketa kontratua esleitzeko deialdia abiatu du Usurbilgo Udalak. Osasun eta Gizarte Zerbitzuen Batzordean esleipen honi loturiko kontratazio espedienteari aho bateko babesa eman ostean, urtarrilaren 26an egin zen osoko ohiko bilkurara eraman zuen gaia, udal gobernu taldeak. Udalbatza osatzen duten 13 ordezkariek ere bat egin zuten proposamenarekin. Honenbestez, "aipatu kontratua gauzatzeko, jarduteko eta esleipenerako oinarri bezala erabiliko diren Administrazio Baldintza Zehatzen Orriei eta Preskripzio Teknikoen orriei onespena" ere eman zien udalbatzak.
Espedientean gogorarazten denez, "Artzabal udal eraikinean kokaturiko Gure Pakea jubilatuen tabernaren kudeaketa aurrera eramateko Udalak ez du langile propiorik eta hortaz, berau kontratatzea beharrezkoa da jubilatuen elkarte eta haien erabilerarako eraikinaren kudeaketa egokia egiteko".
Epe luzeagorako esleipena
Kontratazio deialdi honen zenbait xehetasun aurreratu zituen astearteko osoko bilkuran, Jone Urdanpilleta udal ordezkariak. Batetik, eta hemen dator berrikuntza nagusia, 5 urtetarako esleipena planteatzen du Udalak, gero urtez urte, 5 urtera arte luzatu ahalko dena. 4 urtetarako kontratazioa izaten zen orain arte.
Bestalde, kudeatzaileek ordaindu beharreko hileroko kanona 1.000 eurokoa izango da, %21eko BEZ-a erantsita, 1.210 eurokoa. Kanona, kontratua sinatu eta 2 urtera berrikusiko da. Diru kontuez ari garela, jubilatuentzako prezio bereziak bermatuko beharko ditu kudeatzaileak. Preziook herrian ditugun beste bi elkarteetako tabernen parekoak izan beharko dute.
Deialdira aurkezteko 20 egun
Prozedura ireki eta ohikoaren bidez gauzatuko du Udalak esleipena. Puntuazio sistemaz baloratuko da, alderdi teknikoa, interesdunek aurkezturiko proiektua, kudeatzaileen titulazioa, eskainiko den zerbitzua, inbertsio hobekuntzak...
Esleipena martxan da. Usurbilgo Udalak hartutako erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita, 20 eguneko epea izango dute interesdunek deialdira aurkezteko.
Artzabal jatetxeko egungo kudeatzaileek otsailaren 28ra arteko kontratua dute. Kontratua luzatuko die Udalak, esleipena ere beranduago gauzatuko baita. Otsaila baino lehen ez.