Bezperatan ikusi zen nabarmen gorantz egiten ari zirela inskripzioak. Aurrez 459 lagunek zuten izena emanda, baina azken orduan apuntatu zirenei esker, 560tik gora lagunek parte hartu zuten igandean ospatu zen Irisasi BTT proban. Marka guztiak hautsi dituzte aurtengoan. Bizikleta martxa hasi aurretik, urtarrilaren 31n Mikel Laboa plazak zuen itxura genuen, horren guztiaren erakusgarri. Bizikleta zaleez bete zen frontoi atzealdea. Behin abiatu zirenean, aukeran osatu zitzaketen ibilbide motz zein luzean, ez zuten “hotzak akabatzeko” moduko girorik izan. Edizio gogorragoak tokatu zaizkie lehenagotik. Eta proba amaieran, biziago edo mantsoago, denek erakutsi zuten helburua bete izanaren poza.
Tantaka iritsi ziren Andatzako mendi buelta egin zuten txirrindulariak. Tartean, hainbat usurbildar. Bat baino gehiago, noaua.eus atariko Argazkitegian bildu ditugun irudietan “harrapatu” genituen, helmugatik gertu, azken metroetan. Antolatzaileek bidean zehar ateratako argazki bilduma, andatzamendizale.info atarian ikus dezakezue.