Erraustegiak eragiten dituen osasun arazoez ohartarazi du mediku talde batek

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 3a, 13:10

"Gaur egun, errausketaren alde dagoena osasunaren aurka dago", nabarmendu zuen Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko kide diren mediku talde batek, astearte arratsaldean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin zuen agerraldian. Moratoria eskatu dute Zubietan eraiki asmo dagoen erraustegiarentzat, eta agintariek modu serioan balora ditzatela, hondakinak erraustu ordez, egon daitezkeen alternatibak.

2004. urteaz geroztik hondakinak erraustearen inguruan egin diren ikerketak aztertzen dabil aipatu taldea. Taldeko kide Jose Luis Paulinek, Jose Cruz Villandiegok, Marta Barandiaranek, Maialen Berridik eta Xabier Mixelenak egin zuten agerraldian, hainbat datu kezkagarri plazaratu zituzten. Kezkagarriena, erraustegiek areagotu egiten dituztela gaixotasunak eta gaixotasunek eragindako heriotzak.

Urte luzez aztertu dituzten ikerketetan oinarrituta, erraustegiaren kokagunetik 10 kilometroko erradioan, gaixotasunak areagotu egiten direla diote; leuzemia kasuak %21 areagotzen direla, pleura minbizi kasuak %84 eta behazuneko minbizia kasuak %24.

Errauste plantak airera beruna, dioxinak, aerosol eta dioxido karbono gasak isurtzen dituztela gogorarazten dute, baina baita ezagutzen ez diren beste hainbat gai ere. Eta erraustegiak sortutako errautsak tratatuta ere, arrisku handiko produktuak izaten segitzen dutela nabarmendu zuten.