Kantu Taldekoak ere abestera irtengo dira, Santa Ageda bezperan

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 3a, 08:53

Santa Ageda bezperako hitzorduen egitaraua guztiz osatua dago. Ikastetxeak kantuan irtengo dira egunean zehar eta iluntzean, Kantu Taldekoak. Jakinarazi berri digutenez, abestera irtengo dira ostegunean 19:00etan, Mikel Laboa plazatik abiatuta. Bide batez, Kantu Taldetik jakinarazi diguten oharra; inauteriak tarteko, datorren asteartean Udarregi Ikastolan jai izan eta itxita egongo denez, otsailaren 9rako iragarria zuten entsegua bertan behera utzi dute. Hurrengo saioa honenbestez, otsailaren 16an, 18:30-19:30 artean.

Egunotan jairik jai ibiliko gara, Santa Ageda bezpera eta inauteriak batera egokitu baitira aurtengoan.

“Inauteriak Usurbilen”

Hala izena du Udarregi Ikastola, ostiralerako, otsailaren 5erako prestatzen ari den ikuskizunak. “Mundu osoan zabaldu omen da Euskal Herriko herri txiki batean Inauteri ospakizun bikain bat antolatzen dela. Mezua Pinpilinpauxek zabaldu dute, Kanadako pinpilinpauxen ahotsa Finlandiatik entzun zuten, Finlandiako pinpilinpauxen ahotsak Australiatik… eta Errusiatik errusiarrak, Txinatik txinatarrak, munduko zirkoetatik magoak beren untxiekin, Hawaitik hawaiarrak eta surfistak etorriko zaizkigu gure herrira. Zein da herri hori??? USURBIL!!! Etorri nahi duenarentzat izango da beti Hurbil!!!!

Herri txiki honetako biztanle batzuek ere oso modan dagoen watsappa martxan jarri eta elkarri animatuz, hortxe azalduko zaizkigu gure Anttoni, Joxepa, Manoli, Pantxika, Joxepiña eta kuadrilla. Bejondeizuela!!!!!!!! Eta notizia erabat zabaldurik, Dysneyko pertsonaiak ere, hegazkina lepo beteta, lurra hartuko dute gure herri txiki honetan”, aurreratu digute ikuskizuneko antolatzaileek.

Jai astea

Otsailak 4, osteguna: Santa Ageda bezpera

Aginagako Eskola Txikia

Goizean, Aginagatik barrena koplak abesten irtengo dira Eskola Txikikoak.

Udarregi Ikastola

15:00 LH-koen irteera. Osatuko duten ibilbidea: Ikastola gorria-Bordatxoko biribilgunea-Puntapax kalea-Kale Zahar-Eroskiko biribilgunea -Zubiaurrenea kalea-Bordatxoko biribilgunea-pilotalekua (eguraldi txarra egiten badu, 16:10ean ikastolatik atera eta frontoira jaitsiko dira).

15:40 DBH-koen irteera. Osatuko duten bidea: ikastola-Artzabal-beheko farmazia-Elizaren alboko harmailak-pilotalekua.

16:00 HH-koen irteera ikastolatik frontoirantz (eguraldi txarra egiten badu, emanaldia 16:20an patioko estalpean).

16:10 aldera, Santa Ageda eskean ateratako taldeen amaiera bateratua frontoian. 

Oharra: ekitaldi amaieran, HH eta LHko haurrak frontoian bertan elkartu ahalko dira senideekin. Autobusa hartu behar dutenek, bus zerbitzua Bordatxoko errotonda ondoan.

Kantu Taldea

19:00 Mikel Laboa plazatik abiatuta, abestera aterako dira Kantu Taldekoak, jantziak soinean eta makilak eskuetan!

Otsailak 5, ostirala: Inauteriak ikastetxeetan eta kalean

Egunean zehar, Aginagako Eskola Txikian, sukaldariz mozorrotu eta gai honi loturiko abesti eta jolasak egingo dituzte.

10:15 Udarregi Ikastolako LH-ko ikasleen mozorro desfilea, Kaxkoan barrena.

10:55 HHko haurrak ikastolatik aterako dira Kiroldegira joateko.

11:10 LH eta DBHkoen sarrera Kiroldegira, “Martxa” dantzatuz.

11:15 Udarregi Ikastolako ikasleen ikuskizuna Oiardo Kiroldegian: “Inauteriak Usurbilen”. Sarrera mugatua, ikasleen sendientzat.

15:45 aldera, inauteri festa Zubietako Eskolan. Ondoren, Guraso Elkarteak banaturiko askaria.

18:30 Usurbilgo Orbeldi Dantza Taldearen kalejira Kaxkoan barrena, Oiardo Kiroldegitik abiatuta.

19:30 Orbeldi dantza taldearen emanaldia Mikel Laboa plazan. Eguraldi txarra egiten badu, frontoian. Dantza taldetik, ekimenok “ikustera gonbidatzen zaituztegu!”. Luzaideko inauterietako dantzen erakustaldia egin asmo dute.

Otsailak 6, larunbata: Inauteri Festa

12:30 Udaletxetik abiatuta, erraldoi txiki, handi eta buruhandien kalejira bikaina izango dugu, dultzaineroek lagunduta.

16:00 Karaoke Festa Gaztelekuan. Mozorrotuta etorri!!!

17:00 Frontoitik abiatuta, BURRUNBAZALE txarangarekin kalejira, herriko kaleetan barrena. Animatu eta zu ere murgildu, LANBIDEEKIN zer ikusia izango duen mozorro festan. Ea zer nolako mozorroak ikusteko aukera dugun aurtengoan!!!

19:00-21:00 DJ VAN frontoian.

23:00 DJ VAN berriz frontoian.

Antolatzailea: NOAUA! K.E.