San Marko Mankomunitateak eskaini ez dizkien zerbitzuengatik ordaintzera behartu dituztela salatu dute azken urteotan hainbat udalek. Eta udalok hainbatetan eskatu izan dute, jasotako zerbitzuen arabera ordaintzea. Eskaera berretsi dute ostegun honetan, Usurbil, Hernani eta Oiartzungo alkateek. Oraingoan ordea, aldeko epaia eskutan zutela egin dute. "Epaitegiek erabaki dute eta arrazoia eman digute, zerbitzuaren araberako ordainketen alde egin genuen udaloi", adierazi du Hernaniko alkate Luis Intxauspek, Usurbilgo eta Oiartzungo alkateekin batera udalerri honetako udalbatza aretoan egin duten agerraldian.
Orain, epaia betetzea eskatzen dute. "Sententzia hau aplikatzen hastea eskatu nahi dugu gaur, San Marko Mankomunitatea osatzen dugun herri guztiontzat onuragarriagoa izango delako", alkateon esanetan. Gogorarazi dutenez, "epai hau ez aplikatzeak San Markoko herri guztiak kaltetzen ditu. Batetik, birziklatzeko ahalegin handiena egiten duten herritarrak kaltetzen ditu, baina baita orain arte zegokiena ordaindu ez duten herriak ere. Zenbat eta gehiago luzatu sententziaren aplikazioa, handiagoa izango da denon artean ordaindu beharreko zor hori, eta horrek Mankomunitateko beste herriak eta herritarrak kaltetzen ditu".
Horregatik, bidegabetzat jotzen duten egoera hau konpondu eta epaia betetzea eskatu diete, San Markon agintean egon eta alkateon esanetan, "entzungor" segitzen duten EAJ eta PSE-ko ordezkariei. Salatu dutenez, “San Markoko Mankomunitateak onartutako aurrekontuek ez dute epaitegiaren sententzia betetzen”.
177.000 euroko gainkostua aurten
Jaso gabeko zerbitzuak ordaintzearen aurka agertu dira udalak, eta orain baita justizia ere. Udalok Mankomunitateko azken urteotako aurrekontuen aurka aurkeztu izan dituzten helegiteetatik dator aipaturiko epaia. Hala, gogorarazi digutenez, San Marko Mankomunitateko 2014 eta 2015eko aurrekontuen aurkako errekurtsoak aurkeztu zituzten. 2014koari dagokionez, epaitegiek arrazoia eman diete. 2015eko helegitearen erantzunaren zain dira oraindik.
Bestalde, urtarrilaren 26an onartu ziren 2016ko aurrekontuak ere errekurrituko dituztela iragarri dute Xabier Arregik, Luis Intxauspek eta Jexux Leonetek, Usurbil, Hernani eta Oiartzungo alkateek hurrenez hurren, ostegun honetako agerraldian. Azken aurrekontuotan jasotzen ez dituzten zerbitzuengatik 177.000 euro ordaintzera behar nahi ditu San Marko Mankomunitateak, Usurbil, Hernani eta Oiartzungo Udalak.
Tarifen igoera, GHK-ko estatutuen aurkako erabakia
San Markok udalerriotako herritarrek birziklatzeko egiten duten ahalegina saritu beharrean zigortu nahi dutela adierazi dute. Baita Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ere "eta horren adibide garbia da, onartu berri dituen tarifak. GHK-k Foru Aldundiarekin batera, erraustegia eraikitzearen itxitasuna oinarri, eraikitako zorra estaltzeko tasak igo egin ditu. Eta errefusaren tarifa ez ezik, organikoarena ere igo egin du, proportzio desberdinean gainera".
Kontsortzioak hartutako erabakia, erakunde honen estatutuen aurka doala adierazi dute 3 alkateek. Estatutuek, gaikako bilketa saritzen dutela diote "baina erabaki honek kontra egiten du. Gutxiago sortu eta gehien birziklatzen dutenak zigortzen ditu. Gure galdera argia da: zer dela eta zigortzen dituzte, gutxien sortzen eta gehien birziklatzen dituzten herritarrak? Zergatik igo dituzue organikoaren tarifak? Beste behin ere erraustegiaren dizdirak itsututa. Birziklatzearen, ingurugiroaren, osasunaren, herritarren ongizatearen aurkako erabakia hartu dutenaren adierazgarri da GHK-k egin duen tarifaren igoera. Gure lehentasuna, alkateak garen heinean, gure udalerrietako herritarren interesak defendatzea da. Gipuzkoako agintean daudenei ere dei egiten diegu gipuzkoarron interesak babestera".