Ohi baino Inauteri Festa luzeagoa eta musikaz blai datorkigu larunbatean. Mozorroen desfile eguna borobiltzeko, aurten, Dj Van usurbildarra izango dugu frontoian. Emanaldi bana eskainiko du afalaurretik eta gauean, adin tarte guztietako herritarrentzat. Mozorrotuta, inauteriak dantza batean ospatzera gonbidatzen gaitu Ivan Santxok lerrootan.
Zein da dj baten lan eremua?
Ivan Santxo: Dj mota asko dago; bere musika jartzen aritzen diren profesionalak daude batetik. Herriko dj-ak deitzen ditudanak daude bestalde; mota askotako musikarekin jendeak ondo pasarazteko helburua izaten dutenak. Horretan aritzen naiz.
Zeintzuk izan ziren eman zenituen lehen pausoak, dj gisa aritzeko?
Musika betidanik asko gustatu izan zait. Etxean musika entzuten nuen, irratian beti musika. Azkenean zaletasun moduan hartu nuen. Mahai txikitxo bat erosi nuen niretzat. Gerora, Kalezarko jaietan lehen saioa eskaintzeko aukera eman zidaten. Ondo pasa genuen. Eta hortik aurrera, pixkanaka joan izan gara emanaldi gehiagotara.
Santueneko jaietan ere aritu izan zara baita?
Kalezarko jaietan urte pare bat, Santueneakoetan beste urte pare bat. Honez gain, karaokeak egiten ditugu, haurrei zuzenduriko emanaldiak eskaintzen ditugu…
Zein dira herritarren kanta gogokoenak?
Herrian rock-a asko gustatzen zaie, urteko musika baita gauetan, dantzatzeko. Dantza egiteko musika jartzen baduzu, herri honetan dantza egiten da.
Emanaldia prestatu arren, inprobisatzea tokatuko zaizu?
Ikusi behar duzu ze jende mota duzun, gazteak edo helduak diren, ze musika gustatuko litzaiokeen entzutea, eta ze momentua den. Kontutan izan behar da, jendea ondoen pasatzen ari denean giroa nola mantendu maila horretan eta giroa gainbeheran badoa, nola ahalegindu berriz indartzen.
Afizioa duzu gaurkoz. Bateragarria zaizu eguneroko bizimoduarekin?
Bai. Egunero 8 ordu lan egiten dut, eta hau zaletasun bezala dut. Lana astegunetan, eta dj saioak asteburu arratsalde edo gau parteetan izaten dira. Moldatzen gara.
Afizioa ofizio bihurtzeko asmorik bai?
Zaletasun gisa ondo doa momentuz. Hala ondo goaz.
Uda partean izango dituzu eskaera gehiago?
Eskaera gehienak uda partean eta neguan. Neguan karaokea, musika jartzen dugu, girotzeko puzgarriak… Duela gutxi Bergaran, Mendaron egon ginen. Udan festetan aritzen gara gehiago.
Dj batek zer tresneria behar du?
Mahaitxo bat, ordenagailua edo musika erreproduzitzailea behar da, nahasketa mahai bat. Bozgorailuak alokairuan hartu ahal dituzu edo propioak badituzu zeureak erabili ditzakezu. Musika, argia eta kea izatea ere eskertzen da. Inauteri Festan hala izango dugu. Saioak ikuskizun ukitua izango du.
Inauteriei begira zer ideia darabilzu buruan?
Jendeak ondo pasatzea. Denetariko eta denontzako musika izango dugu. Jendea gerturatu dadila dantza egitera, dantzatu, ondo pasa eta inauterietaz gozatzera.
Bi saio izango dira; arratsaldean lehena, gauean bigarrena. Dj bera, baina bi emanaldi desberdin?
Arratsaldean printzipioz, haur eta gaztetxoentzako eta helduentzako musika jarri asmo dugu. Helduagoentzako musika mugituagoa gauean. Diskoteka antzekoa izango dugu, denok ondo pasatzeko.