Ostiralean inauguratu ostean, larunbataz geroztik zabalik da Donostiako autobus geltoki berria. Amarakoa ordezkatuko du aurrerantzean. Leku aldaketa honek beste hainbat autobus zerbitzuei eragingo die; tartean, Usurbil hiriburuarekin lotzen duen Lurraldebus zerbitzuari. Lurraldebusek, urte luzez Amaran izan duen geltokia kentzea erabaki baitu. Hasiera batean, urtarrilaren 16rako zuen iragarria linea murrizketa, baina geltoki berriaren irekiera atzeratu egin denez, gauza bera egin du Lurraldebusek ere.
Donostiako autobus geltoki berria zabalduta, otsailaren 20an kenduko dute Amarako geltokia. Honenbestez, aurrerantzean Usurbildik Donostiara doanak Antiguotik barrena hiriburu erdiguneraino baino ezingo du joan autobusez. "Ez dute geraldirik egingo Pio XII.an. Antiguatik sartuko dira eta San Martin 25 geralekutik Askatasunaren Hiribideko 24ko geralekura joango dira zuzenean", hala iragarri du Lurraldebusek gauzatzera doan zerbitzu murrizketa.
Beraz, Usurbildik Donostiara autobusez zoaztenontzat, San Martin kalean (erdigunean) izango duzue autobusetik jaisteko azken aukera. Eta Donostiatik Usurbila itzultzeko lehenengo geltokia berriz, Askatasunaren Hiribidean kokatua dagoena izango da. Autobusa ez da Amarara sartuko.
Pdf honetan duzue, nola berrantolatu asmo duten Donostiako geltokien sarea:
Informazio gehiago:
943 415 208 (astelehenetik ostegunera, 08:30-13:30/15:00-17:15// ostiraletan, 08:00-15:00 artean).
gfa_garraio_idazk@gipuzkoa.eus