Sei metrotarainoko olatuak espero direlakoan, kostaldean alerta laranja aktibatuko duten artean, abisu horian izango gara hemen, astelehen gaueko 21:00etan hasi eta astearte goizeko 09:00ak arte. "Hego-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindituko dute haizeguneetan, bereziki mendebaldean. Haizeguneak ez diren tokietan, haize-boladak 70-80 km/h ingurukoak izango dira, bereziki Bizkaian eta Araban", Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez.
Honatx datozen orduetarako iragarpena:
Otsailak 8, astelehena
"Hodeiak eta urdinguneak tartekatuta eta tenperatura gorago. Haizeak hego-mendebaldetik joko du, boladaka bizi, bereziki arratsalde-gauean eta zenbait momentutan haize-ufadek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Haize honek tenperaturari bultzadatxo bat emango dio eta igandeko balioekin alderatuz 3-4 ºC gorago geldituko dira beroenak, bereziki kantauri isurialdean. Goizean, goi-hodeiak saretuta eta eguzkia bistan izango dugu, eta arratsaldeak aurrera egin ahala hodeiak ugaritu eta giroa moteldu egingo da".
Otsailak 9, asteartea
"Haizea indartsu eta euria. Hego haize zakarrarekin hasiko dugu eguna, goizaldean bazterrak astinduko ditu, eta haize honekin ateri eutsiko dio goiz partean. Eguerditik aurrera berriz, haizea mendebal/ipar-mendebaldera aldatuko da eta euritara egingo du aroak; euria denera iritsiko bada ere, kantauri isurialdean botako ditu zaparrada mardulenak. Haizeak norabidez aldatzearekin indarra galduko du oro har, baina kostaldean oraindik bizi-bizi jotzen jarraituko du eta ziertzo haizea ere Ebro ibarrean temati ibiliko da. Eguneko tenperatura altuenak goizean neurtuko dira hego haizearekin eta ondoren giroa hozten joango da".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus