Legatzadun pintxo bereziak, otsailaren 14ko Tipi-Tapan

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 9a, 10:15

Artzabal, Bordatxo, Txirristra, Aitzaga eta Txiriboga tabernak igandeko Tipi-Taparako prest ditugu. Oraingoan, legatzadun zizka-mizkak prestatuko dizkigute. Ohi bezala, edaria eta pintxo bereziak 2 eurotan dastatzeko aukerarekin batera, bi sari irabazteko aukera izango dute ibilbide gastronomikoa osatzen dutenek; 150 euroko erosketa balea eta 2 lagunentzako otordua. Zozketa, otsailaren 14ko Tipi-Tapa amaieran egingo dute. Zozketan parte hartzeko egin beharrekoa oso erraza da; eskutan duzuen Tipi-Tapa txartela 5 tabernetako zigiluekin osatu eta edaritegiotako kaxaren batean utzi.

Agertu da, urtarrileko Tipi-Tapako sarituetako bat

6.468 zenbakidun txartelaren jabeei, Martin Trotta herritarrari eta senideei tokatu zaie, urtarrileko pintxo festa amaieran ospaturiko zozketako sarietako bat; 150 euroko erosketa balea. Zozketa berean ordea, bigarren sari bat ere atera zuten; 2 lagunentzako afaria. 3.689 zenbakidun txartelari egokitu zitzaion. Igande honetan, otsailaren 14an ospatuko den hurrengo Tipi-Tapan, sariok jokoan jarriko ditu berriz Hurbilago Elkarteak.

Irudia: Tipi-Tapa.