Inauteriak iruditan, Argazkitegian

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 9a, 10:31

Osasungintzako profesionalak, sukaldariak, erlezainak, arrantzaleak, artzain eta artaldea, suhiltzaileak... Denetariko ofizio eta langileak bildu ditu ospatu berri dugun Inauteri Festak. Baina mozorro koloretsu eta karrozetatik haratago, argi denez, indartzen doaz inauteriak Usurbilen. Ikusi besterik ez zen larunbat eguerdian bizi izan genuen giro ederra. Pena, haizeagatik ezin izan baitzuten kalejira egin Lauburu, Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak. Frontoian halere erakustaldi bikaina eskaini zuten.

Gaztelekukoek karaoke festa ospatu zuten egoitza barruan. Eta kanpoan, Burrunbazale txarangakoek dantzan jarri zuten herria. Baita Dj Vanek ere. Afalaurreko tartean, jendetza bildu zen frontoiaren bueltan. Eta parranda giroak goizaldera arte segi zuen.

Biharamunean, Zubieta Lasarte-Oriarekin batu zuen Inauterietako kalejira ospatu zen, bezperan ikastetxeen ikuskizun eta festak. Inauteriek amaiera eman diote azken asteotan, bata bestearen segidan ospatu diren neguko festei; danborradaz edota Santa Ageda bezperako ekitaldiez ari gara.

Ospatu berri ditugun neguko jaiak, irudi bilduma honetan jaso ditugu:

Neguko jaiak 2016