Herritarrak eta herri bizitza, 2016ko udal aurrekontuen erdigunean

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 10a, 13:08

Epe barruan erreklamaziorik inork aurkeztu ez eta behin betiko onartu ditu Usurbilgo Udalak 2016. urterako aurrekontuak. Udalerri honek 10.705.129 euro ditu guztira, aurtengo gastuei aurre egin eta gauzatu nahi dituen egitasmoetarako. Hamaika milioi eurotara gerturatzen diren aurrekontu ez murriztaileak ditugu. Hala, inbertsioetarako eta diru-laguntzetarako partidei eutsi nahi izan diete, baita Udalak zerbitzu publikoen alde egin ohi duen apustuari ere.

Herritarra eta herri bizitza jarri nahi izan dute aurrekontuon erdigunean. “Usurbildarrak hobeto bizitzea” dute helburu, gobernu taldearen esanetan. Honatx aurtengo aurrekontuak aurkeztetik behin betiko onartzeraino egin duten bidea:

-2015eko abendu hasiera: gobernu taldeak zirriborroa aurkeztu zien udal taldeei Ogasun Batzordean.

-Abenduak 1-16: arlokako bilera erronda eragileekin. Aurrekontu eta legealdiari begirako eragileen 23 bat ekarpen jaso zituzten.

-Abenduak 23: hasieraz onartu ziren udal aurrekontuak, ezohiko osoko bilkuran.

-Urtarrilak 27: erreklamaziorik ez eta, automatikoki behin betiko onartu ziren udal aurrekontuak.

Gorakada txikia

Azken urteotako kopuruen bueltan daude, 2016ko udal aurrekontuak. 2013tik hona, pixkanaka goranzko joera nabari da, baina zer ikusirik ez 2011ko datuekin. 2005eko kopuruetatik gertuago gaude egun. Baina ordutik, nabaria den moduan, zerbitzuak ugaritu dira Usurbilen. Diru kopurua ez hainbeste. Honenbestez eraginkortasuna bilatu behar izan dute aurtengo aurrekontuetan. Azken hamarkadako udal aurrekontuen zenbatekoak dituzue segidan:

2005: 10.697.519

2006: 10.448.983

2007: 10.200.452

2008: 12.925.163

2009: 13.200.000

2010: 13.042.840

2011: 13.903.890

2012: 10.982.729

2013: 10.033.478

2014: 10.360.521

2015: 10.482.470

2016: 10.705.129

Gastuen banaketa

Udal aurrekontuen herena, pertsonalgo gastuei aurre egitera bideratuko du Usurbilgo Udalak. Aurrekontuen ia %29a zerbitzuetara. Diru kopuru handienak jasoko dituzten partidak ditugu. Modu honetan berretsi nahi dute beste behin, langile eta zerbitzu publikoen aldeko defentsa. “Garbi dugu, zerbitzu publikoak eta zuzeneko kudeaketak ekartzen dituen onurak; herritarrei begirako zerbitzu zuzena, langileen inplikazioa ere zuzenagoa da eta herritarrekin harremanak sendotzea dakar”, gobernu taldetik aipatu digutenez. Ahalik eta zerbitzu publiko onena eskaintzeko 73-75 langileek osatzen dute egun Usurbilgo Udala.

Pertsonalgoari loturiko gastuei eta zerbitzuek biltzen dute 2016ko udal aurrekontuen zatirik nabarmenena. Baina arlo gehiago ere hornitu ditu diruz Udalak:

-Antolakuntza/Osasuna: 1.104.850 (%15,90)

-Udaltzaingoa: 40.000 (%0,58)

-Kultura/euskara/gazteria: 531.900 (%7,66)

-Kirola: 712.752 (%10,26)

-Hezkuntza: 349.310 (%5,03)

-Lurralde garapena/hirigintza: 423.342 (%6,09)

-Zerbitzuak: 2.000.598 (%28,79).

-Ingurumena: 873.975 (%12,58)

-Nekazaritza: 90.258 (%1,30)

-Gizartekintza: 756.525 (%10,89)

-Parekidetasuna: 65.700 (%0,95)

-Pertsonalgoa: 3.755.922 (%35,09)