Milioi bat euro inbertsioetarako, 2016ko udal aurrekontuetan

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 10a, 12:26

Inbertsioei dagokienez, nabarmentzekoen artean, Zumarte Musika Eskolaren eraberritzea dago. Pixkanaka gauzatuko den egitasmoari begira, aurten, eragile ezberdinen arteko parte hartzea sustatu eta beharrak identifikatuko dituen proiektua landu nahi du Udalak.

Kirol instalakuntzei begira, gobernu taldetik iragarri dutenez, laster inauguratuko dute Oiardo Kiroldegiko bulderra. Hobekuntza gehiago ere egingo dituzte, igerilekuan, skate pistan, Haranen, Aginagako frontoian... Etengabeko erabilerak ezinbesteko bihurtzen dituen mantentze eta hobekuntza lanak gehienetan.

Etorkizuneko proiektuez ari garela, Hiria Antolatzeko Plan Orokorra erredaktatzen hasiko da Udala. Lanotarako ere diru partida bat gorde dute. Beste bat, Urdaiagan dugun natur baliabide batera bideratzeko. Usurbilen kontsumitzen den ur kopuruaren ia erdia, %42a Erroizpetik dator. Depositu horretan zenbait mantentze lan egin asmo ditu Udalak.

Irazu kalearen berritzea

Kaxkora jaitsita, datozen urteotan frontoia inguratzen duten bi kaleak, Irazu eta Etxebeste eraberrituko dituzte. Oraingoz, Irazu kalea konpondu nahi dute. Lurzorua altxa, azpiegiturak berritu eta irisgarritasun arazoak konpontzea da helburua. Hori bai, adokinatua mantentzeko asmoa du Udalak. Baina lurra erregularragoa izatea nahi dute, koxkarik gabea. Modu honetan, azken urteotan Bordatxo taberna paretik Mikel Laboa plaza aldera egin dituzten hobekuntza lanei segida emango die Udalak; oraingoan Sutegi pareko kaletik Txiribogarantz.

Auzoetan ere zenbait inbertsio egin asmo dituzte: Atxegalden aparkatzeko dagoen arazoari aurre egiteko, Mahaspildegi elkarte aurreko gunea egokituko da, ibilgailu gehiagorentzat lekua egon dadin. Baina ahal den neurrian, ibilgailua utzi eta joan etorriak oinez nahiz bizikletaz egitera animatzen gaitu Udalak. Horretarako ari da osatzen, udalerri barruko bidegorri sarea. Berriki, ikastola ingurukoaren ostean, Puntapax aldeko zatia egokitu dute. 2016an, bidegorri sare hau garatzen segiko du Udalak.

Merkataritza sustatzeko ekimenak

Bestalde, parekidetasun arloan garatzen aritu den plana amaitutzat eman du Udalak. Bigarrenari helduko diote orain. Merkataritzaren alorreko plana ere badu Siadeco eta Hurbilago Elkartearekin batera landutakoa. Testuinguru honetan, aurtengoan hiru egitasmo diruz lagunduko ditu Udalak; batetik udaberri parterako eskuartean izango dugun, Herritar Txartela. Gogoan izan, Usurbilen nahiz mundu osoan egiten ditugun erosketak ordaintzeko balioko du, baina baita udal zerbitzuetarako identifikagarri gisa ere.

Bestalde, gogoan izango duzue iaz hutsik zeuden hainbat lokal komertzial ikusgarri egin nahi izan zituela Udalak, hainbat atari apaindu eta txukuntze lanak eginda. Orain, itxita segitzen duten guneon erabilera sustatu eta tokiotan, egitasmo berriei lekua egiteko diru-laguntza izango dela iragarri dute gobernu taldetik. Baita ekintzailetza eta ideia berriak bultzatzeko ere; “Coworking” espazioak ere.

Inbertsioak zenbakitan

Guztira: 1.079.422

Antolakuntza eta udaltzaingoa: 68.000

-Ekipo informatikoak: 40.000

-Udaltzainen ibilgailua erostea: 28.000

Kirola: 84.152

-Skate pista konpontzea: 3.595

-Herriko frontoiko zorua: 5.320

-Aristitxo, itoginak, kanaloia eta babesa: 17.517

-Haraneko porteria sareak: 3.300

-Igerilekuko erregila berritzea: 11.300

-Oiardoko aire kortinak: 2.438

-Usurbilen 2 ibilbide: 1.089

-Futbitoko sarea: 2.032

-Oiardoko ur beroa konponketa: 9.715

-Aldagela eta dutxa inklusiboak: 27.845

Hezkuntza: 21.000

-Oinarrizko Lanbide Heziketarako ekipamendua: 6.000

-Liburutegirako fondo erosktea: 15.000

Lurralde Garapena/Hirigintza: 217.342

-Musika Eskola proiektua: 20.000

-S-6 Agerreazpi funtsa: 130.341

-Plan Orokorraren erredakzioa: 55.000

-Udal eraikinen ITEAk eta EEZ: 6.000

-Ekintzailetasuna eta EK sustapena: 6.000

Ingurumena: 40.000

-Bidegorri sarearen garapena: 20.000

-Hondakinen prebentzio lanak: 20.000

Zerbitzuak eta obrak: 648.428

-Aginagako erriberako desjabetzak: 1.428

-Ur-estolderia sarea: 5.000

-Alperro-bururen urbanizazioa: 102.000

-Instalazio elektrikoen azterketak: 10.000

-Segurtasuna udal eraikinetan: 2.000

-Brigadaren erremintak: 8.000

-Irisgarritasun egokitzapenak: 8.000

-Ur kontagailuak berritzea: 5.000

-Parkeetan jolaslekuak: 12.000

-Erroizpeko eskoilera: 63.000

-Ur hartuneak berritzea: 12.000

-Zerbitzu sareen eguneratzea: 23.000

-Udal ibilgailuak berritzea: 45.000

-Atalluko arekako pasabidea: 36.000

-Mahaspildegiko aparkalekua egokitzea: 23.000

-Hilerri zaharra proiektua: 18.000

-Irazu kaleko urbanizazioa: 205.000

-Zubietako inbertsioak: 70.000