6 plaza berri eskainiko ditu, Puntapax Eguneko Zentroak

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 10a, 18:35

Zenbait egokitze lan egin ostean, 6 plaza berri eskaintzeko moduan da Usurbilgo Puntapax Eguneko Zentroa. "Behin diru laguntza bideratuta eta lanak amaituta, Eguneko Zentroa prest dago, martxotik aurrera, onuradun berriak hartzeko", Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez.

143 metro karratu zituen lehen Eguneko Zentroak. Haur Eskolarekin partekatzen duten eraikineko espazioak aztertu eta berrantolatu ostean, 60 metro karratu irabazi ditu egokitzapen lanekin. "Egun zentroak dauzkan 143 metro karratuei, planta bereko beste 60 metro karratu gehituko zaizkie, bi espaziotan: 53 metro karratuko jardueretarako gela handi bat eta beste 7 metro karratuko garbigela bat. Haur eskolako eta zentroko erabiltzaileek, pasaerako espazio komun bat izango dute, aldaketa honekin", Udalak zehaztu duenez.

Eskaera handitzen

35.000 euro bideratu dituzte lanotara. Inbertsio honi esker, Eguneko Zentroko erabiltzaile kopurua handituko da; 6 plaza berri eskainiko dira. Baita lan taldea ere. "Gaur gaurko Eguneko Zentroa kudeatzen duen GSR enpresak langile bat gehituko du beharrei behar bezala erantzuteko", ohartarazi du Udalak.

Eguneko Zentroaren handitzearekin, azken urteotan hazi den eskaerari erantzun nahi zaio. 2003ko azaroan lan egunetarako 8 plazarekin ireki zuten, 12 plaza izatera igaro ziren gero. Beste 6 plaza asteburuetan. Urteotan guztira, 55 erabiltzaile izan ditu Puntapaxek. "Azken 5 urtetako datu batzuk kontuan hartzen baditugu, batez besteko eskatzaileen adina jaitsi egin da eta zerbitzuaren beharra goiztiarragoa izatera pasa da. Honek eskaera kopurua handitzea suposatu du eta aldi berean itxarote denbora luzatzea. 2015eko datuak kontuan hartuta, sartzeko 9 eskaera egon dira eta 2 baja. Datu orokorrei erreparatuz gero, Orioko zentroan 5 usurbildar daude, Hernanin beste bat eta bi itxarote zerrendan", Udaletik berri eman dutenez.

Belaunaldi arteko loturak sendotzen

Puntapax Eguneko Zentroak, Haur Eskolarekin partekatzen du Kalezarren kokatua dagoen eraikina. Bi guneen arteko lotura ordea sendoa da. "Jakina da, belaunaldi arteko esperientziak denentzat direla onuragarriak: adinekoak biziberritu egiten dira, autoestimua hobetzen dute eta umeen alaitasuna eta barrea kutsatzen zaie. Hilean behin, esperientzia intergenerazionalen bidez, zaharren ezagutzatik ere ikasten dute haurrek".