Bazkidetza bideratzeko aukera, Gure Esku Dagoren mahaian

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 12a, 09:09

Gure Esku Dagok udazkenean egin zuen Eskura hausnarketa prozesuaren ondorioetako bat da, erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak abiatu duen bazkidetza kanpaina. "Gure Esku Dagon bazkidearen figura erabiliko dugu, dinamika herritar gisa dagokigun barne funtzionamendu demokratikoan sakontzeko helburuarekin, herritarron zuzen-zuzeneko partehartzea baloratu eta bide emateko", Gure Esku Dagoren esanetan.

Bazkidetzak ze betebehar eta eskubide izango dituen argitu dute:

-Dinamikako bazkideak eskubidea izango da dinamikaren ekimen guztietan nahieran parte hartzeaz gain, erabakietan eztabaidan parte hartu ez ezik, botoa emateko.

-Dinamikako bazkideak dinamika ekonomikoki sostengatzeko konpromisoa hartuko du, betiere bere aukeren arabera hautatutako kuotari esker.

Bazkidetza kanpainan parte hartzeko deia luzatu du Gure Esku Dagok. "Erabakiaren aroa abiatu dugu, erabakitzera goaz. Eta hortaz, beti bezala, baina inoiz baino gehiago, herritarrok behar dugu izan protagonista.

Beraz, orain artean dinamikan modu batera edo bestera parte hartu duten herritar guztiei dei egiten diegu bazkidetzeko. Atzerabueltarik ez daukan fase honetan, guztiok garelako beharrezkoak, eta elkarrekin iritsi nahi dugulako erabakira", adierazi dute.

Bazkidetza kanpaina Usurbila dator orain. Udalerri honetako Gure Esku Dagoren lan taldeak mahaia aterako du kalera igande honetan, eta datozen asteotan. Bestela, gureeskudago.eus atarian sartuta ere tramitatu dezakezue bazkidetza.

"Borondateen Kriseiluak", laster

Segurtasun arrazoiengatik abenduaren 31n bertan behera utzi zuten ekitaldia, aldaketarik ez bada, martxoaren 11n ospatuko du Gure Esku Dagok. "Ilunabarrean elkartuta, desio bana eskatu, kriseiluan idatzi, eta zerura jaurtitzeko deia luzatzen dizuegu herritarroi". Kriseilurik ez baduzue, Lizardi liburu dendan dituzue salgai, 2,5 eurotan.

Herri galdeketa, 2017an

Datorren urterako herri galdeketa iragarri du Gure Esku Dagok, Usurbilen. "2018a bitartean ahalik eta herri gehienetan herri galdeketak antolatu eta gauzatzea da Gure Esku Dago-ren asmoa. Herriko taldeak ere 2017an herri galdeketa antolatzeko asmoa dugu, baina horretarako 2016an azken bultzada bat eman nahi diogu gizarteratze prozesuari, eta orain arte hurbildu ez zaigun jendearengana iritsi nahi dugu", iragarri du Usurbilgo Gure Esku Dagok.

Datozen deialdiak

Otsailak 14, igandea

12:00-14:00 Bazkidetza egiteko mahaia frontoi inguruan. Mahaia jarriko duten hurrengo egunak: otsailak 26, martxoak 4 eta 11.

Martxoak 11, ostirala

Abenduaren 31n bertan behera geratu zen "Borondateen kriseiluak" ekitaldia. Kriseiluak salgai 2,5 eurotan, Lizardi liburu dendan.

2016an zehar

Gizarteratze prozesuari azken bultzada.

2017an

Herri galdeketa Usurbilen.

Antolatzailea: Usurbilgo Gure Esku Dago.

Informazio gehiago: gureeskudago.eus