Ekaitz giroa iragarri dute egunotarako. Hotzaldi betean gara, eta elurra ere behe samarrean egin dezake hurrengo orduotan eta abisu horia aktibatu dute, astearte eguerdiko 12:00ak arte. Usurbil inguruan, mendi gainak zuritu ditzake elurrak. "Elur-kota goizaldean 700-800 m inguruan kokatuko da eta goizean 500 m-ra jaitsiko da eta baliteke arratsaldean 300-400 m-ra jaistea. Zaparrada txikiak botako ditu, kantauri isurialdean ertainak; sarriago botako ditu eguerdi partean. Egunaren amaieran hegoaldean atertu egingo du. Kantauri isurialdean trumoiak jo eta txingorra botako du", Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez.
Astelehen arratsaldetik astearte eguerdira, elur maila 300-400 metro artean kokatuko da. Eta gero atertzera egingo omen du eta elurragatik aktibatua egongo den abisu horia bertan behera utziko dute.
Hurrengo orduotarako iragarpena
Otsailak 15, astelehena
"Negu giroa astelehenean. Egunaren lehenengo partean zaparradak sarri botako ditu, batez ere lurraldearen mendebaldean, eta noizbehinka ekaitzak joko du, txingorrarekin batera. Arratsaldean atertzera egingo du apur bat, baina zaparrada batzuk botako ditu oraindik. Orduak pasa ahala elur-kota gero eta beherago egongo da, goizaldean 700-800 metrora, goizean 500 metrora eta arratsaldean 400 metro inguruan ziurrenik; ekaitza botako duenean, baliteke beherago ere kokatzea. Ipar/ipar-ekialdeko haize zakarra ibiliko da, bolada oso gogorrekin kostaldean eta Ebro ibarrean. Hotz egingo du eta barnealdeko zenbait lekutan izotza botako du".
Otsailak 16, asteartea
"Asteartean prezipitazioa aurreko egunetan baino urriagoa izango da, baina hotz handiagoa egingo du eta elur-kota beherago egongo da. Egunaren lehenengo partean zenbait lekutan zaparradak sarri botako ditu oraindik, baina arratsaldetik aurrera ez du apenas prezipitaziorik egingo. Elur-kota 300-400 metro inguruan egongo da eta barnealdeko hainbat tokitan izotza egingo du. Iparraldeko haizea indartsu ibiliko da hasieran, gauean ahultzera egingo du".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus