Haizete bolada gogorrak semaforo bat bota zuen atzo goizean

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 15a, 10:29

Mendebaldetik fronte berri bat iritsi zen asteburuan. Eta frontearekin batera, negua. Zaparradak, ekaitza, txingorra eta tenperaturen jaitsiera. Haizeak ere gogor astindu zuen Kostaldea. Abisu horia emanda zegoen, haizeak 100 km orduko abiadura gainditu zezakeelako. Eta abisua ez zebilen oker. Igande goizean, haize bolada gogor batek argazkian ageri den seinalea bota zuen. Arsuagaenea parkean duela gutxi ipini zituzten semaforo itxurako seinaleak. Atzo goizeko haizeteak lurrera bota zuen seinaleetako bat. Zorionez ez zuen ezbeharrik eragin. Astelehen goizerako semaforoa zutik eta bere tokian zen berriro.

Bi istripu

Arsuagaeneatik gertu, ibilgailu batek pertsona bat jo zuen igande iluntzean, Urbil merkatalgune inguruan izandako istripu batean. Zauritua Donostia Ospitalera eraman zuten. N-634 errepidean ere furgoneta bat irauli zela berri eman dute. Azken istripu honek ez zuen zauriturik eragin.

Hurrengo orduotarako iragarpena

Otsailak 15, astelehena

“Negu giroa astelehenean. Egunaren lehenengo partean zaparradak sarri botako ditu, batez ere lurraldearen mendebaldean, eta noizbehinka ekaitzak joko du, txingorrarekin batera. Arratsaldean atertzera egingo du apur bat, baina zaparrada batzuk botako ditu oraindik. Orduak pasa ahala elur-kota gero eta beherago egongo da, goizaldean 700-800 metrora, goizean 500 metrora eta arratsaldean 400 metro inguruan ziurrenik; ekaitza botako duenean, baliteke beherago ere kokatzea. Ipar/ipar-ekialdeko haize zakarra ibiliko da, bolada oso gogorrekin kostaldean eta Ebro ibarrean. Hotz egingo du eta barnealdeko zenbait lekutan izotza botako du”.

Otsailak 16, asteartea

“Asteartean prezipitazioa aurreko egunetan baino urriagoa izango da, baina hotz handiagoa egingo du eta elur-kota beherago egongo da. Egunaren lehenengo partean zenbait lekutan zaparradak sarri botako ditu oraindik, baina arratsaldetik aurrera ez du apenas prezipitaziorik egingo. Elur-kota 300-400 metro inguruan egongo da eta barnealdeko hainbat tokitan izotza egingo du. Iparraldeko haizea indartsu ibiliko da hasieran, gauean ahultzera egingo du”.

Informazio eguneratua: euskalmet.eus