Inauterietako etenaldiaren ostean, Kantu Taldekoen entseguak gaurtik asteartero

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 16a, 10:07

Santa Ageda bezperan ikusi genituen azkenekoz, baserritar jantziekin eta makilak eskutan, kalez kale koplak abesten eta bertsotan. Gero, segidan zetozen inauteriak tarteko, etenaldia egin zuten. Bueltan datoz orain. Aurreko asteartean, Udarregi Ikastolan jai izan eta eraikina itxita zegoenez, ez zuten entsegu saiorik izan Kantu Taldekoek.

Gaur itzuliko dira astearteroko entsegu saioetara; ohi bezala, 18:30-19:30 artean bilduko dira Udarregi Ikastolako kantu gelan, Susi Elosegi ikastolako irakasleak bideratuko duen saioan.

Kantu-jira eta bazkaria

Bestalde, otsailaren 27an ospatuko da hilabete honi dagokion kantu-jira. Hitzordu berezia deitu dute oraingoan; kantu-jira eguerdian izango baita, eta ondoren, kantu-bazkaria antolatu dute Urdaira Sagardotegian:

Otsailak 27, larunbata

12:00-14:00 Kantu-jira Mikel Laboa plazatik abiatuta: "Har ezazue liburuxka eta zatozte elkarrekin kantatzera. Kantujira izango da otsaileko azkenengo larunbatean 27an, baina aldaketa batekin: iluntzean izan beharrean eguerdira pasa dugu".

Ondoren, kantu bazkaria Urdaira Sagardotegian. 
Bazkaritarako izen emateko, deitu 686 969 112 (Ana) telefono zenbakira, otsailaren 22a baino lehen.

Antolatzailea: Usurbilgo Kantu Taldea.