Usurbilgo jubilatuak ere, erraustegiaren aurka mobilizatuko dira ostiralean

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 16a, 12:31

Errausketaren aurka elkarretaratzeko deia luzatzen zaie Usurbilgo jubilatuei. Ostiral honetan, eguerdiko 12:00etan jarri dute hitzordua Mikel Laboa plazan. Eguraldi txarra egingo balu, frontoian egingo da mobilizazioa. “Gure seme-alabei eta bilobatxoei erraustegi bat utzi behar al diegu?”, diote deialdian. “Zatoz zu ere”, animatzen dituzte herritarrak. Honatx beraz deitzaileen gonbita jubilatuentzat bereziki, otsailaren 19ko mobilizazioan parte har dezaten. Ez Zubietan ez inon, erraustegirik ez dutela nahi adieraziko dute.

"Kontrakoa sinestarazi nahi diguten arren, partida ez dago erabakita"

Hala dio Zubietan eraiki asmo duten erraustegiaz, Errausketaren Aurkako Mugimenduak kaleratu berri duen oharrak. "Guk badakigu partida ez dela inola ere bukatu, eta elkarrekin jokatzea erabaki dugu. Otsailaren 28ko martxa horren ondorioa baino ez da", nabarmendu dutenez.

Larunbatean batzartu zen, otsailaren 28rako erraustegia eraiki asmo duten "0 puntura" martxa antolatu duen Errausketaren Aurkako Mugimendua Zubietan. Ordukoa da atera zuten ondoko argazkia. Honatx kaleratu duten oharra, osorik:

Foru Aldundiak erraustegi-proiektua berpiztu du eta, ondorioz, horren kontrako oposizioa ere aktibatu egin da.

Joan den urtarrilean, erraustegiaren mehatxuari aurre egiteko hainbat talde eta pertsona bildu ginen Zubietan: talde eskarmentudunak eta sortu berriak; Zubietatik gertu bizi diren pertsonak eta urrutixeago bizi direnak, izan ere, arazo hau Zubietako ingurukoei soilik axola zaiela uste dutenak oso-oso oker daude.

Talde eta pertsona desberdinak bildu ginen, jakina, baina oinarrizko ideia pare batean, behintzat, guztiz bat gatoz. Lehenengo ideia da erraustegia pertsonen osasunerako zein ingurumenerako arriskutsua dela. Bigarrena, errausketak, sistema garestia izateaz gain (horren adierazle bat baino ez da Hondakinen Kontsortzioak tarifak %20 garestitzeko hartu berri duen erabakia) , errotik galarazten duela birziklatze-bidean eta ekonomia zirkularreko bidean aurrera egiteko aukera.

Baina, oinarrizko bi ideia horietatik aparte, bada batzen gaituen uste sendo bat: elkarrekin arituz gero, erraustegi-proiektua berriro bide bazterrean utz dezakegu, oraingoan behin betiko utzi ere.

Uste sendo honek berebiziko garrantzia du. Izan ere, Foru Aldundiak behin eta berriro sinestarazi nahi digu alferrik ari garela, "hau" nahitaezkoa dela, atzeraezina; hemendik pixka batera proiektua esleituko duela, geroxeago lanak, eta lau urte barru erraustegia halabeharrez martxan egongo dela, tximiniatik kea dariola. Mezu hauek amore eman dezagula dute helburu. Oso zaila dute, ordea, lehen ere askotan entzun ditugulako, erraustegia Zaldunbordan eraiki nahi izan zutenean, eta gero Landarbason, eta Urnietan, eta Aritzetan... Kasu haietan ere 31 zituztela eta esku zeudela uste zuten. Partida galdu zuten, ordea. Orain orduko lelo bertsuarekin datoz, eta, kasu haietan zer gertatu zen ezagututa, pentsatzen hasita gaude guk amore eman dezagun baino gehiago ez ote duten leloa behin eta berriro errepikatzen beraien buruari adore emateko, "oraingoan bai" sinesteko beharra balute bezala.

Nolanahi ere, guk badakigu partida ez dela inola ere bukatu, eta elkarrekin jokatzea erabaki dugu. Otsailaren 28ko martxa horren ondorioa baino ez da.

Erraustegiaren aurkako mendi martxa

Erraustegia eraiki asmo duten "0 gunera" mendi martxa antolatu du otsailaren 28rako, Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Azpiegituraren kokagunea inguratzen duten udalerrietatik herritar zutabe bana abiatuko da egun horretan, zero gune horretara. Puntu horretan elkartuko dira herritar zutabe guztiak. Eta gero, Zubietara jaitsiko dira:

Abiatzeko hitzorduak

08:00 Zizurkilen, plazatik.

08:30 Hernanin, Gudarien Plazatik.

09:30 Añorga Txikitik.

10:30 Lasarte-Orian, Okendo plazatik.

11:00 Usurbilen, frontoitik.

11:00 Zubietan, frontoitik.

Herritar zutabeen hitzordu bateratua

12:00 Zero puntuan.

Amaiera

13:00 Zubietako frontoian.

Deitzailea: Errausketaren Aurkako Mugimendua.