Foncalenteko espetxeko martxara joateko, izen ematea Aitzagan

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 16a, 11:15

Abian prozesu betean den Ezker Abertzaleak, espetxeetara martxak antolatu ditu larunbat honetan, otsailaren 20an. Usurbilen, Foncalenteko kartzelara antolatu da martxa. Bertan bi herritar daude espetxeratuak; Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga. Joan etorrirako autobus zerbitzua antolatu da. Izen emateko gerturatu Aitzagara.

Abian prozesuari loturiko batzarrak

Larunbateko martxaren ostean, herri batzarrak deitu ditu Ezker Abertzaleak, Abian eztabaida prozesuaren baitan. "Abian deituriko eztabaida ariketa egiten ari da Ezker Abertzalea, nazio askapena eta askapen soziala helburu eraikitako mugimendu iraultzailea", ohartarazi dute.

Testuinguru honetan, datozen asteotan barne eztabaidarako baliatuko den txosten bat landu eta aurkeztu berri dute. "Txosten honen helburu nagusia Zutik Euskal Herria-k ekarri zuen estrategia aldaketak eragindako ziklo politikoan aurrera nola egin behar dugun zehaztea da. Estrategia gaurkotzeko ariketa da, beraz, baina aldi berean Ezker Abertzalearen nortasuna eta batasuna berrindartzeko balio beharko luke. Ibilbidearen balantzea eta fase politikoaren azterketa ere egingo dugu, jakina, baina betiere aurrera begira norabide argi bat marrazteko asmoarekin", dio Abian prozesuri loturiko dokumentuak.

Txostenaz iritzia eman eta ekarpenak egiteko prozesua burutuko da hurrengo asteetan herriz herri. Baita Usurbilen ere. "Txosten honek irudikatzen duen norabide orokorra berresten dugun ala ez erabaki behar dugu. Horixe da guztion artean ebatzi beharrekoa. Antolakundeek egingo dituzten ondorengo eztabaidetan izango dute xehetasunetan sartzeko, zuzenketak egiteko eta ezberdintasunak argitzeko aukera, norberak bere esparrura egokituta", dio Abian eztabaida prozesurako aurkeztu duten txostenak. Prozesuari loturiko hiru batzar deitu ditu Ezker Abertzaleak Usurbilen.

Abian prozesuari loturiko hitzorduak

Otsailak 20, larunbata

01:00 Foncalenteko espetxera martxa autobusez, Oiardo Kiroldegitik. Itzulera, larunbat arratsalde-iluntzean. Autobuserako izen ematea, Aitzaga tabernan. Bidaia laguntzeko 10 €ko bono-laguntzak daude Aitzaga tabernan.

Martxoak 5, larunbata

09:30 Batzarra Potxoenean: "Balantze eta testuinguruaren egoeraren eztabaida".

Martxoak 19, larunbata

09:30 Batzarra Potxoenean: "Definizio estrategiko eta eztabaida eta etorkizuneko garapenaren zehaztapena".

Apirilak 16, larunbata

09:30 Batzarra Potxoenean: "Txosten erabakitzailearen aurkezpena, eztabaida eta bozketa".

Abian prozesurako aurkeztu duten txostena osorik, hemen: Abian txostena

Deitzailea: Usurbilgo Ezker Abertzalea.