Usurbilgo Udalari diru-laguntzak eskatzeko aukera, otsailaren 29ra arte

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 17a, 11:45

Herri eragileek kultur, kirol, gizarte ongizate, ingurumen eta nekazaritza zein abeltzaintza eremuetan egitasmoak sustatzeagatik, Usurbilgo Udalak abian duen diru-laguntza deialdian parte har dezakete. Eskabideak otsailaren 29ra arte aurkez daitezke. Segidan zehatzago, laguntzon berri:

Kultura

Onuradunak: “Kultur arloan lanean diharduten irabazi asmorik gabeko norbanako, kultur erakunde eta elkarteentzako diru-laguntzak emateko oinarriak, 2016 urtean zehar ekintzak egiteagatik”.

Laguntza maila:

-Ikastaroak: gehienez %60an lagunduko dira, gehienez 100 euro parte hartzaile bakoitzeko. Diru-sarrera izan behar dute.

-Irteerak: gehienez eskatutakoaren %10a emango da.

-Kanpamendu, udako ekintzak, txokoak: gehienez %60ko laguntza emango da, gehienez 60 euro haur eta hileko, 30 euro 15 eguneko edo 15 euro asteko. Ekimenok diru-sarrera izatea, ezinbestekoa.

-Gainerako kultur ekintzak: gehienez eskatutakoaren %95a. Ekintza baterako 2.500 euroko laguntza baino gehiago eskatzen bada, “Udalak beste era bateko irizpideak erabili ditzake: ekintza bera (helburua, kalitatea, originaltasuna, herria nabarmentzea, genero ikuspegia), norentzakoa (eragina gizartean, kolektibo bereziei zuzendua egotea), parte hartzea bultzatzea, finantziazio iturriak”.

-Diru-laguntza banaketa: %75a diru-laguntza esleitzerakoan, gainerako %25a aurrekontuaren gastu osoa justifikatzerakoan. Beranduenez, 2017ko urtarrileko azkeneko Tokiko Gobernu Batzarrak onartutakoan.

Gizarte zerbitzuak

Onuradunak: Gizarte Zerbitzuen arloan lanean diharduten irabazi asmorik gabeko norbanako, erakunde eta elkarteak, 2016. urtean zehar ekintzak egiteagatik.

Irizpideak: egitasmoak hartuko dira kontuan. Puntuazio sistema baliatuko da:

-Ekintza edota proiektuaren hartzaileak: 10 puntu.

-Jardueraren ezaugarriak eta eragina: 40 puntu.

-Genero ikuspegia txertatzea: 10 puntu.

Diru-laguntza banaketa: diru-laguntza onartutakoan %50a, beste %50a eskaera egiteko aurkezturiko aurrekontuaren gastu osoa justifikatu ostean. Beranduenez, 2017ko urtarrileko azken Tokiko Gobernu Batzarrak onartu ostean.

Kirola

Onuradunak: kirol arloan lanean diharduten irabazi asmorik gabeko norbanako, kirol erakunde eta elkarteak, 2016. urtean zehar ekintzak egiteagatik.

Laguntza motak: kirol taldeen ohiko diru-laguntza zuzenak, emakumezkoen berdintasun plana, laguntza bereziak, kirol-teknikoen prestakuntza, egitura sendotzeko laguntza, gazteen arteko sustapena, kirol egokitua, kirol elkarteak ez direnen kirol jarduerak.

Diru-laguntza banaketa: diru-laguntza ematea onartutakoan %50a, beste %50a eskaera egiteko aurkezturiko aurrekontuaren gastu osoa justifikatu ostean. Beranduenez, 2017ko urtarrileko azken Tokiko Gobernu Batzarrak onartu ostean.

Nekazaritza-abeltzaintza

Onuradunak: 2015eko urtarrilaren 1etik 2016ko otsailaren 5era, nekazaritza eta abeltzantza ekimenak antolatu dituztenak.

Laguntza maila: ekintzen kostuaren %50ean lagunduko da gehienez. Salbuespenak: ikastaroetan gehienez %60ko laguntza emango da, gehienez 100 euro parte hartzaile bakoitzeko. Irteeretako laguntza gehienez, %10ekoa izango da. Eskatzaile bakoitzeko gehienez 2.000 euroko laguntza emango da.

Irizpideak, lehentasuna izango dute:

-Usurbilgo nekazari gazteek (28 urtetik beherakoak) ustiapen berriak abiatzeko eta hobetzeko egitasmoak.

-Ekoizpen ekologikoa bultzatzeko egitasmoak.

-Usurbilgo emakumeak nekazaritzan aritzeko ekintzak.

-Azken urteotan abandonatutako nekazal lurretan nekazal jarduera berreskuratzeko ekintzak, edo abandonatzeko arriskuan dauden lurrak berreskuratzeko ekintzak.

-Usurbilgo baserritarren lan-baldintzak hobetzeko ekintzak.

-Usurbilgo nekazal produktuen bertako kontsumoa bultzatzeko ekintzak.

-Bertako abere arrazak berreskuratzeko edota bultzatzeko abeltzaintzako egitasmoak.

-Nekazarien prestakuntza hobetzeko egitasmoak.

-Diru-laguntza banaketa: %75a diru-laguntza esleitzerakoan, gainerako %25a gastuak justifikatzerakoan. Beranduenez, 2017ko urtarrileko azkeneko Tokiko Gobernu Batzarrak onartutakoan.

Ingurumena

Onuradunak: 2015eko urtarrilaren 1etik 2016ko otsailaren 5era ingurumen egitasmoak burutu dituztenak.

Laguntza maila: gehienez %95ekoa. Salbuespenak:

-Egitasmoa Usurbilera mugatzen bada eta beste inolako diru-sarrerarik ezin bada aurreikusi %100 diru-laguntza eman ahal izango da, salbuespen gisa.

-Ikastaroak: gehienez ere, kostuaren %60a lagunduko dira diruz. Partehartzaile bakoitzeko gehienezko laguntza, 100 eurokoa izango da.

-Irteerak: gehienez %10ekoa izango da.

-Eskatzaile bakoitzeko gehieneko dirulaguntza 2.000 €-takoa.

Irizpideak, lehentasuna izango dute:

-Energiaren kontsumoa murrizteko egindako inbertsioak.

-Usurbilgo Energia Jasangarrirako Ekintza Planaren helburuekin bat datozen ekintzak, bereziki plan horretan proposatutako ekintzak betetzeko jarduerak.

-Usurbil herrian energia ez berriztagarriaren kontsumoa energia berriztagarriaren kontsumoarekin ordezkatzeko ekintzak.

-Usurbil herrian energia nuklearra ez kontsumitzeko lagunduko duten ekintzak.

-Hondakinen sorrera murrizteko eta sortzen diren hondakinen birziklapena bultzatzeko ekintzak.

Horrelako egitasmoak laguntzeko esleipena eta gero, dirua geratuko balitz, ondoko beste ekintzek izango dute lehentasuna:

-Usurbilgo ondare naturala ezagutzeko eta babesteko ekintzak.

-Baliabideen kontsumoa murrizteko ekintzak.

-Usurbilgo airearen kalitatea hobetzeko ekintzak.

-Diru-laguntza banaketa: %75a diru-laguntza esleitzerakoan, gainerako %25a aurrekontuaren gastu osoa justifikatzerakoan. Beranduenez, 2017ko urtarrileko azkeneko Tokiko Gobernu Batzarrak onartutakoan.

Informazio gehiago...

Segidan datozen esteka hauetan duzue, diru-laguntzon helburu, onuradun eta zenbatekoen berri, otsailaren 5eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean:

Kultura

Gizarte zerbitzuak

Kirola

Nekazaritza eta abeltzaintza

Ingurumena

Informazio gehiago:

Udal erregistroa: astelehenetik ostiralera, 08:00-14:30.

943 371 951

usurbil.eus