Abiatzear, oliba olioaren inguruko Errigoraren kanpaina berria

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 18a, 08:00

Kalitatezko produktua, euskaraz etiketatua eta bidezko prezioan eskuratzeko aukera izango dugu laster, Errigoraren "Eskutik eskura" egitasmoari esker. Eta ekimenean parte hartuta, Nafarroa hegoaldeko ekoizpena sustatzen, lurraldeen arteko harremanak sendotzen eta ingurumena zaintzen lagunduko dugu.

Eskaintza berri batekin datorkigu Errigora; iaz bezala, Nafarroa hegoaldean ekoitzitako oliba olio birjina estra ekologikoa eta konbentzionala salgai jarriko ditu laster, herriz herri. Tokiko ekoizpena eta euskara sustatu nahi dituzte beste behin. "Euskarari ere on egingo diogu, ekoizleak euskarara erakarriz", diote kanpainako antolatzaileek.

"Eskutik eskura bertako produktuak gure eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko proposamena da. Gure kontsumo eredua aldatzeko gonbitea. Kontsumitzaile arduratsuak herriz herri elkartzeko saiakera: gutako bakoitzari on egin dagion eta, denon artean, gure inguru hurbilari on egin diezaiogun", Errigoraren esanetan.

65 eskaera iaz

Iaz harrera ezin hobea izan zuen kanpainak Usurbilen. Guztira 65 oliba olio bidoi saldu ziren. Horietatik 39 oliba olio bidoi ekologiko eta 26 bidoi konbentzional, eskaerak egiteko zabalik egon zen epearen baitan. Aurtengora itzulita, ostiral honetan irekiko da eskaerak egiteko epea, ekimenarekin bat egin duen NOAUA! Kultur Elkarteko egoitzan eta Udarregi Ikastolan:

Eskaerak noiz: otsailaren 19tik martxoaren 2ra.

Eskaerak non: Udarregi Ikastolan eta NOAUA! K.E,-ko egoitzan, 943 360 321 edo elkartea@noaua.eus

Prezioak:

-Oliba olio birjina estra ekologikoa, 5 litro: 32 euro.

-Oliba olio birjina estra konbentzionala, 5 litro: 22,50 euro.

Ordainketak: bidoiak NOAUA! K.E.-ren egoitzan jasotzerakoan.