Usurbilgo Udalak babesa adierazi dio 'Correscales' elkartasun lasterketari

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 17a, 16:37

Bihar abiatuko da ‘Correscales’ elkartasun lasterketa Bilbotik eta, gauzak ondo bidean, otsailaren 22an iritsiko da Bartzelonara. Egitasmoak Movistarreko langileek iaz hiru hilabetez eginiko greban du jatorria. Usurbilgo Udalak babesa adierazi dio ekimenari eta lasterketarekin bat egingo du. Ostiral goizean igaroko da lasterketa Usurbildik.

Movistarreko langileen ekimena da hau, eta prekarietatearen aurkako martxa honek Bilbo eta Bartzelona batuko ditu. Ostiralean goizeko 9:00etan N634 errepidetik iritsiko da gure artera, Oriotik Donostiarako norabidean. Usurbilgo Udalak babesa adierazi dio ekimen honi eta bat egingo du lasterketarekin. Udal ordezkaritza Atxegalde azpian batuko da lasterketara.

 

800 kilometroko ibilbidea

Bilbo eta Bartzelona lotuko dituen lasterketa honek 800 kilometro pasatxo ditu. Orotara 80 korrikalarik hartuko dute parte, baina bidelagun ugari izango dituzte bide bazterrean.

Movistarreko beharginen greba mugagabean du jatorria. Hiru hilabeteko greba egin zuten iaz instalazio eta mantentze lanetarako azpikontratatutako teknikariek. Geroztik, lan baldintzak zertxobait hobetu badira ere, prekaritatea “eguneroko zama” da oraindik ehunka langilerentzat. Hori salatzeko bultzatu dute herriz herriko errelebo lasterketa.

 

Gizarte eragile askoren babesa

Euskal Herriko eta Kataluniako hamaika gizarte eragile, sindikatu eta alderdi politikoren babesa jaso du ekinbideak; ELA, LAB, STEILAS, ESK, CGT eta EH Bildu daude horien artean.