Odolaren Mintzoa eta Izeberg hautatu dituzte, Laudioko Gazte Danbadarako

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 18a, 09:25

Martxoaren 25etik 28ra, Aitzina eta Ernai gazte erakundeek Gazte Danbada antolatu dute Laudion, "Esna harrapa zaitzala" aldarripean. Hainbat berrikuntzekin oraingoan; tartean, musika sortzaile gazteen parte hartzea sustatu nahi dute. Horretarako, "Oholtza gainean bakerik ez" ekimena antolatu zuten. Gazte Danbadan kontzertuak eskaini nahi dituzten musika taldeak aurkeztu zitezkeen egitasmo honetara.

Guztira 66 talde aurkeztu ziren deialdira, horietatik 5 usurbildarrak: Odolaren Mintzoa, Izeberg, Hotzikara, Floxbin eta Kezka. "Publikoaren bozkek eta lantalde baten irizpideek erabaki dute" zein taldeek joko duten Gazte Danbadako karpan. Hasieran 15 talde hautatzea aurreikusten bazuten ere, deialdiak izan duen arrakasta ikusita, "27 izango dira azkenean". Hautatuen artean dira, Usurbilgo bi musika talde; Odolaren Mintzoa eta Izeberg, martxoaren 25 eta 27an eskainiko dute kontzertu bana hurrenez hurren. Gainerako 25 taldeak esteka honetan dituzue: Oholtza gainean bakerik ez!

Gazte Danbadako karpan kontzertuak eskaintzeko aukeratuak izan ez diren taldeekin harremanetan jartzeko asmoa dute antolatzaileek, "herriko beste puntu batzuetan jarriko dituzten eszenatokietan jotzeko proposamenak helarazteko. Bestetik, hiru taldek zuzeneko abestiak irudiz eta soinuz grabatzeko aukera izango dute Topatu eta Zaldibiako HaizeBazterrak estudioaren eskutik. Liher, Hibakusha eta Skabidean izango dira. Hurrengo asteburuan grabatuko dira, eta Gazte Danbada baino lehen jarriko dira sarean ikusi eta entzuteko.".

Gazte Danbada egunetan, antolatzaileek Oholtza gainean bakerik ez karpa betetzera deitu dute. 4 egunetarako bonoak eta egun bateko sarrerak salgai jarriko izango dira gaurtik aurrera.

Egitaraua eta informazio gehiago, hemen: gaztedanbada16.info