Prekarietatearen aurkako Correscales lasterketa, ostiralean 09:00etan helduko da Usurbila

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 18a, 18:55

Abiatzear da Bizkaiko hiriburuan, Usurbil ere zeharkatuko duen prekarietatearen aurkako Correscales errelebu lasterketa; Korrika Prekarioa. 800 kilometroko bidea osatuko duen ekimenak Bilbo eta Bartzelona lotuko ditu. Ostegun honetan 18:30etan Bilbon abiatu eta otsailaren 22an helduko da Bartzelonara. Bost egunez bi hiriburuok lotuko ditu enplegu duinaren aldeko ekimenak. Lehen egunetan Hego Euskal Herria zeharkatuko du lasterketak. Ostegun arratsalde eta gau partea Bizkaiatik barrena ibili ostean, ostiral goizaldean sartuko da Gipuzkoan.

N-634 errepidetik kostaldea igaro ostean, Aginaga zeharkatu eta helduko da Usurbila. 09:00etarako Atxegalde parean espero dira parte hartzaileak.

Bilbotik Bartzelonara bidean 80 errelebu aldaketa egingo dituzte, horietako bat, Usurbilen. Atxegalde parean, Usurbilgo Udalak ekimenari babesa adierazi eta bat egingo du lasterketarekin. Gero, Donostia aldera joko du lasterketak:

Otsailak 18, osteguna

18:30 0. Kilometroa: Bilbo.

21:00 20.kilometroa: Basauri.

23:45 41.kilometroa: Durango.

Otsailak 19, ostirala

01:00 51.km: Zaldibar.

02:30 64.km: Eibar.

03:15 71.km: Elgoibar.

06:00 97.km: Zumaia.

06:45 103.km: Getaria.

07:20 108.km: Zarautz.

09:00 122.km: Usurbil.

09:30 127.km: Añorga.

10:15 134.km: Hernani.

13:00 159.km: Tolosa.

15:00 176.km: Betelu.

16:20 186.km: Lekunberri.

18:10 200.km: Irurtzun.

20:15 217.km: Berriozar.

20:45 221.km: Iruñea.

22:00 230.km: Atarrabia.

22:30 234.km: Huarte.

23:10 239.km: Eguesibar.

23:50 245.km: Urrotz.

Otsailak 20, larunbata

00:50 253.km: Aos.

03:00 271.km: Irunberri.

04:30 283.km: Ledea.

05:20 290.km: Esako urtegia.

Otsailaren 20tik 22ra

Aragoi eta Katalunia zeharkatuko ditu.

Otsailak 22, astelehena

19:00 Helmuga: Bartzelona.

800 kilometroko ibilbidea

Bilbo eta Bartzelona lotuko dituen lasterketa honek 800 kilometro pasatxo ditu. Orotara 80 korrikalarik hartuko dute parte, baina bidelagun ugari izango dituzte bide bazterrean.

Movistarreko beharginen greba mugagabean du jatorria. Hiru hilabeteko greba egin zuten iaz instalazio eta mantentze lanetarako azpikontratatutako teknikariek. Geroztik, lan baldintzak zertxobait hobetu badira ere, prekaritatea “eguneroko zama” da oraindik ehunka langilerentzat. Hori salatzeko bultzatu dute herriz herriko errelebo lasterketa.

Gizarte eragile askoren babesa

Euskal Herriko eta Kataluniako hamaika gizarte eragile, sindikatu eta alderdi politikoren babesa jaso du ekinbideak; ELA, LAB, STEILAS, ESK, CGT eta EH Bildu daude horien artean.

Informazio gehiago: https://eu.goteo.org/project/correscales-2016