Erraustegia, proiektu honen aurkako herri plataformez inguratua

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 18a, 12:32

Aiztondo ere erraustegiaren aurka. Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul, Villabona eta Zizurkil batzen dituen bailarako herritarrak ere Zubietan eraiki asmo duten egitasmoaren aurka batu berri dira plataforma batean. "Errausketa proiektuaren bultzatzaileei hausnarketarako deia luzatuko dien giza talde" gisara aurkeztu ziren asteazken iluntzean Zizurkilen egin zuten agerraldian. "Alternatiba, eztabaida eta negoziaziorako bideak ireki ditzatela eskatuko diegu, kontuan izanik proiektu honek ingurumenean eta osasunean dituen ondorioek, guztioi eragingo digutela", adierazi dute.

Aiurri aldizkarikoek grabatu duten ondoko bideoan eta Tolosaldeko Atariak ateratako ondoko argazkian dituzue plataformako ordezkariak. Mehatxu larritzat hartu dute Zubietan eraiki asmo duten planta, eta herritarren osasunean eragin larria izan dezakeela diote. Otsailaren 28rako erraustegia eraiki asmo duten "0 puntura" antolatu den martxarekin bat egin du plataformak.

Erraustegia, aurka dauden herritar taldeez inguratua

Bilgune berri honekin, erraustegiaren "0 puntua" inguratzen duten udalerri guztietan badira egitasmo honen aurkako taldeak. Erraustegia inguratu dute jada:

-Usurbil: Erraustegia Erabakia.

-Lasarte: Aire Garbia.

-Hernani: Hernanin Zero Zabor.

-Andoain: Ipar Haizea.

-Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul, Villabona eta Zizurkil: Aiztondoko plataforma.

Datozen deialdiak

Otsailak 20, larunbata

12:00 "Arduraren aldeko giza-katea", Andoaingo Arrate plazatik abiatuta. Deitzailea: Andoaingo Ipar Haizea.

Otsailak 22, astelehena

19:00 Hernaniko erraustegiaren aurkako astearen baitan, hitzaldia Biteri kultur etxean: bi medikuk hitzaldia emango dute. Gipuzkoako mediku talde batek aurkeztu berri du prentsaren aurrean txosten bat, zeinetan garbi adierazten duten erraustegiak eragin oso kaltegarria duela gure osasunean. Talde horretako bi mediku,  Jose Luis Paulin eta Koro Zabaleta, izango dira hitzaldia emango dutenak.

Antolatzailea: Hernanin Zero Zabor.

Otsailak 23, asteartea

19:00 Hernaniko erraustegiaren aurkako astearen baitan, udalbatza aretoan: Hernanin Zero Zaborrek eta herriko hainbat elkartek eta pertsonak sinatutako "Erraustegirik ez, ez Zubietan, ez inon" mozioaren aurkezpena, eztabaida eta bozketa.

Otsailak 28, igandea

Erraustegia eraiki asmo duten "0 gunera" mendi martxa.

Deitzailea: Errausketaren Aurkako Mugimendua.

Martxoak 12, larunbata

17:00 Osasunaren aldeko martxa, Andoaingo Etxeberrieta plazatik abiatuta. Deitzailea: Andoaingo Ipar Haizea.

Martxoak 17, osteguna

19:00 Erraustegiak osasunean sortzen dituen ondorio kaltegarriei buruzko hitzaldia Villabonako Gurea zinema aretoan: Xabier Mitxelena medikuak hartuko du parte solasaldian.

Deitzailea: Aiztondoko plataforma.