“Prozesu independentista eta eraldatzailea abian jarri nahi dugu”

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 18a, 13:30

Abian izeneko barne hausnarketa prozesu berri batean da Ezker Abertzalea. Ohi denez, eztabaida prozesu irekia sustatu nahi dute militanteekin; tartean, arrazoi politikoengatik espetxean direnekin. Ezinbestekotzat jotzen baitute presoen parte hartzea. Prozesu honen jendaurreko lehen hitzordua hain zuzen, espetxe atarietan antolatu du Ezker Abertzaleak larunbat honetarako. Kartzeletara martxak antolatu dituzte. Usurbila datorren prozesuaz argibideak eskaini dizkigute bi herritar preso ohiek; Olatz Altunak eta Joxe Domingo Aizpuruak.

Usurbilen ere abian prozesua martxan jartzera doa Ezker Abertzalea. Zer dakar prozesu honek?

Joxe Domingo Aizpurua: Eztabaida honen bidez, prozesu independentista eta eraldatzailea abian jarri nahi dugu. Zutik Euskal Herria estrategiaren aldaketan aurrera nola egin behar dugun zehaztea litzateke eztabaida honen mamia. Zutik Euskal Herria, fase politikoa aldatzeko bidea izan zen. Aurreko estrategiaren agorpen zantzuak nabariak ziren. Hausnarketa horren ondoren, estrategia aldaketa beharrezkoa zen kokapen prozesuan aurrera egiteko. Bizi dugun geldialdi politikoak eta estrategia gaurkotu beharrak ekarri gaitu Abian eztabaida honetara. Ezker Abertzalearen izaera eta batasuna berrindartzeko beharko lukeen ariketa dugu hau. Ibilbidearen balantzea eta fase politikoaren azterketa egingo da, aurrera begirako ibilbidea zehazteko.

Txosten bat aurkeztu berri da, eztabaidarako. Abiatua da jada prozesua.

J.D.A.: Txosten hau ehunka ekarpen eta entzute fase baten ondorioa izan da. Hor jaso diren ekarpenekin osatutako txostena da. Txosten hau ez dago erabat itxia, deitu diren herri batzarretan osatzen joango da.

Olatz Altuna: Garrantzitsua da garai politiko berri hauetan Abianen planteatzen direla bost erronka nagusiki. Aurrez aurrez heltzen diei gai hauei; euskal preso eta iheslarien etxeratzea; biktimak, elkarbizitza eta memoriaren inguruan ere egiten da proposamen bat; armen deuseztatzea eta armategien desegitea; indar okupatzaileen irteera, aspaldiko eskakizuna herri honetan; eta azkenik, errepresioa eta askatasun demokratikoak.

Prozesua abiatzeko espetxeetara martxak antolatu dira larunbaterako; Usurbilen, Foncalentera. Ze helbururekin?

J.D.A.: Helburua ahalik eta espetxe gehienetara iristea da, horrek duen esangura eta sinbolismo guztiarekin, presoen kolektiboari elkartasun hori guztia eta beraiek eragile bezala prozesu honetan parte hartzea duten garrantzia adierazteko. Beraiek ere prozesu independentista honetan aktibo integral oso bat direlako, ez bakarrik beraien ondorioen konponketarako. Gatazkaren ondorioak betirako konpondu nahi baditugu, derrigorrean prozesua bere bururaino eraman beharra dago eta akordio politiko batekin bukatu behar du.

O.A.: Bizi izan dudan aldi horretan ikusi dut ze garrantzitsua den presoak parte hartzea halako prozesu batean. Azken batean, Abian prozesuak erdigunean jartzen du presoen etxeratzea eta iheslarien itzultzea. Hor proposamen bat dago eta ezinbestekoa da, proposamen horren adostasun bat eta eztabaida bat izatea arrazo politikoengatik espetxean dauden presoekin eta haien ekarpenak jasotzea. Horregatik Abianen lehenengo ekimen publikoa da, 40 espetxeetara egitea martxa hau. Azkenekoak 1992an egin ziren Herrerara. Sona handia izan zuten. Beste testuinguru bat zen. Dispertsioa hasi berritan egin ziren. Espiritu hura ere berreskuratu nahi izan da martxa hauekin.

Abian prozesuari loturiko hitzorduak

Otsailak 20, larunbata

01:00 Foncalenteko espetxera martxa autobusez, Oiardo Kiroldegitik. Itzulera, larunbat arratsalde-iluntzean. Autobuserako izen ematea, Aitzaga tabernan. Bidaia laguntzeko 10 €ko bono-laguntzak daude Aitzaga tabernan.

Martxoak 5, larunbata

09:30 Batzarra Potxoenean: "Balantze eta testuinguruaren egoeraren eztabaida".

Martxoak 19, larunbata

09:30 Batzarra Potxoenean: "Definizio estrategiko eta eztabaida eta etorkizuneko garapenaren zehaztapena".

Apirilak 16, larunbata

09:30 Batzarra Potxoenean: "Txosten erabakitzailearen aurkezpena, eztabaida eta bozketa".

Abian prozesurako aurkeztu duten txostena osorik, hemen: Abian txostena

Deitzailea: Usurbilgo Ezker Abertzalea.