Jubilatuak erraustegiaren aurka mobilizatuko dira 12:00etan, Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 19a, 02:55

Errausketaren aurka elkarretaratzeko deia luzatzen zaie Usurbilgo jubilatuei. Ostiral honetan, eguerdiko 12:00etan jarri dute hitzordua Mikel Laboa plazan. “Gure seme-alabei eta bilobatxoei erraustegi bat utzi behar al diegu?”, diote deialdian. “Zatoz zu ere”, animatzen dituzte herritarrak. Honatx beraz deitzaileen gonbita jubilatuentzat bereziki, otsailaren 19ko mobilizazioan parte har dezaten. Ez Zubietan ez inon, erraustegirik ez dutela nahi adieraziko dute.

Datozen deialdiak, Usurbilen eta eskualdean

Otsailak 20, larunbata

12:00 "Arduraren aldeko giza-katea", Andoaingo Arrate plazatik abiatuta. Deitzailea: Andoaingo Ipar Haizea.

Otsailak 22, astelehena

19:00 Hernaniko erraustegiaren aurkako astearen baitan, hitzaldia Biteri kultur etxean: bi medikuk hitzaldia emango dute. Gipuzkoako mediku talde batek aurkeztu berri du prentsaren aurrean txosten bat, zeinetan garbi adierazten duten erraustegiak eragin oso kaltegarria duela gure osasunean. Talde horretako bi mediku,  Jose Luis Paulin eta Koro Zabaleta, izango dira hitzaldia emango dutenak.

Antolatzailea: Hernanin Zero Zabor.

Otsailak 23, asteartea

19:00 Hernaniko erraustegiaren aurkako astearen baitan, udalbatza aretoan: Hernanin Zero Zaborrek eta herriko hainbat elkartek eta pertsonak sinatutako "Erraustegirik ez, ez Zubietan, ez inon" mozioaren aurkezpena, eztabaida eta bozketa.

Otsailak 28, igandea

Erraustegia eraiki asmo duten "0 gunera" mendi martxa.

Deitzailea: Errausketaren Aurkako Mugimendua.

Martxoak 12, larunbata

17:00 Osasunaren aldeko martxa, Andoaingo Etxeberrieta plazatik abiatuta. Deitzailea: Andoaingo Ipar Haizea.

Martxoak 17, osteguna

19:00 Erraustegiak osasunean sortzen dituen ondorio kaltegarriei buruzko hitzaldia Villabonako Gurea zinema aretoan: Xabier Mitxelena medikuak hartuko du parte solasaldian.

Deitzailea: Aiztondoko plataforma.