Udalbiltzako lehendakaritza uztera doa Mertxe Aizpurua

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 19a, 08:40

2011-2015 urte artean, Usurbilgo Udaleko alkate izandako Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakari ere bazen 2013ko martxoaz geroztik. Orain, "Hego eta Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeen zikloa amaitu ostean", Udalbiltzak zuzendaritza berrituko du, erakundeak larunbat honetan, otsailaren 20an Atarrabiako kultur etxean egingo duen nazio biltzarrean.

Biltzar horretan, lehendakaritza utziko du Mertxe Aizpuruak eta bere lan taldeak, eta talde berriari lekukoa pasako diote, Udalbiltzak ohar bidez jakitera eman duenez, "datozen urteotako ildo estrategikoa finkatzeko eta garatzeko".

Balantzea

Azken urteotako jardunak emandakoa ere gogorarazi du Udalbiltzak, ohar berean. "2013ko martxoan Donostiako Victoria Eugenia antzokian egindako batzarraren ondotik Euskal Herriaren datuen ezagutzan, garapenean eta kohesioan urratsak egin ditu Udalbiltzak, gure nazioaren egituratzea laguntzeko eta udalen arteko saretzea sustatzeko. Horrela, Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoa sortu ditu, Pirinioetako Lan eta Bizi egitasmoa indarrean ipini du eta ondorioz hamarnaka hitzarmen sinatu ditu erakunde eta eragile txiki zein handirekin. Bestetik, Naziotasunari buruzko gogoeta egin du, Euskal Herriaren marka eta posizionamendua munduan zehar kokatzeko asmoz eta udalerrien eta Unibertsitatearen arteko zubi lana egiteko Ikerbiltza egitasmoa sortu du, dagoeneko emaitza bikainak ematen ari dena".

Hasi besterik egin ez duen lanari segida emateko asmoa du Udabiltzak, aurrerantzean.Ā Erakundeak, "erronkak berrikusi behar ditu, etorkizuneko helburuak finkatu, erronkei heltzeko bitartekoak zehaztuā€¦".