Usurbilgo jubilatuak ere, erraustegiaren aurka

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 19a, 14:30

Ez dute nahi erraustegirik ez Zubietan, ez inon. Gipuzkoako Foru Aldundiak eraiki asmo duen proiektuaren aurka eta halako egitasmo bat gauzatzeak dakartzan ondorioez kezkatuta agertu dira Usurbilgo jubilatuak, eguerdian Mikel Laboan plazan egin duten mobilizazioan. Argi zioten: “Ez diegu gure seme-alabei eta bilobatxoei horrelako herentziarik utzi nahi”. Otsailaren 28rako erraustegia eraiki asmo duten gunera antolatua dagoen martxarekin bat egin dute.

Haize errota koloretsuak eskutan zituztela, erraustegiaren aurkako pankartaren bueltan 60 bat lagun bildu dira frontoi atzealdean. Orain arte jubilatuek inoiz egin duten elkarretaratze jendetsuena izan da gaurkoa. Otsailaren 28rako erraustegia eraiki asmo duten gunera antolaturiko mendi martxarekin bat egin dute, irakurri duten adierazpenean. Honatx hitzez hitz dioena:

Adierazpena

Gaur, Usurbilgo jubilatuen talde bat bildu gara Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek Zubietako erraustegia berpizteko hartu duten erabakiaren aurka gaudela adierazteko. Ez diegu gure seme-alabei eta bilobatxoei horrelako herentziarik utzi nahi.

Usurbildarrok, hondakinak %80tik gora gaika biltzen ari gara. Birziklatu eta berrerabili egin nahi ditugu hondakinak eta ez erre. Erraustegiak ondorio kutsakor larriak ditu, oso toxikoak diren zepak eta errautsak sortzen dituelako eta gainera, prozesuan sortzen den keak osasunerako eta ingurumenerako arazo larriak dakartzalako: baratzeak, urak, lurrak… Tamalez eta batez ere, inguruan bizi garenoi tokatuko litzaiguke aire toxiko hori egunero-egunero arnastea. “Gaur egun, errausketaren alde dagoena osasunaren aurka dago”, hauxe da errausketaren inguruan mediku talde batek duela gutxi aldarrikatu duena, une berean, errausketaren ondorioz sortzen diren gaixotasun larrien hainbat datu kezkagarri azalduz.

Bestetik, nongo zabortegitan botako dituzte zepak eta errautsak? Zein herrik hartuko ditu tratamendu zehatzak eta segurtasun handia eskatzen duten zabortegi garesti eta toxiko horiek? Guk argi diogu, erraustegiak ez digu zabortegiak ixten, ireki baizik.

Usurbilgo jubilatuok, osasunaren eta ingurumenaren aldeko hautua egiten dugu. Ekonomia zirkularraren alde gaude. Zero Zabor ereduari jarraitu nahi diogu. Horregatik, ez dugu nahi eta ez dugu behar erraustegirik, ez Zubietan eta ez beste inon. Paradoxa bat dirudi halere, Gipuzkoan goi-mailan hondakinak txintxo-txintxo gaika biltzen ari den herri baten ondoan erraustegia eraikitzea. Ez al da adarjotze eta lotsagabekeria galanta?

Hondakinen kudeaketa txarrak sortzen dituen arazoak guztioi eragiten digu. Berdin dio zein pentsaeretakoak garen. Arazoa guztiona da beraz, eta guztiok batera beharko genuke saiatu konponbide arduratsu baten alde. Horregatik, Usurbilgo jubilatu talde honek dei egiten die lehenik, Usurbilgo jubilatu guztiei eta gainontzekoei, otsailaren 28an, erraustegiaren aurkako mendi martxa ekimenean parte hartzera. Goizeko 11:00etan irtengo gara Usurbilgo frontoitik. Hitzordua, 12:00etan daukagu erraustegia eraiki asmo duten gunean. Mendi martxara joan ezin dutenek, hitzordua 13:00etan Zubietako frontoian.

Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi, alternatibak baditugulako, osasuntsuagoak, jasangarriagoak eta merkeagoak.

Otsailaren 28an goazen denok elkarrekin eta egin oihu:

Errraustegirik ez, ez Zubietan, ez inon!

Usurbilen, 2016ko otsailaren 19an