Erraustegiari buruzko herri galdeketa, datorren osoko bilkurako gai zerrendan

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 19a, 14:25

Denetariko gaiez ondo hornitua dator, Usurbilgo Udalak datorren astearterako, otsailaren 23rako, arratsaldeko 18:00etan deitu duen osoko ohiko bilkura. Besteak beste, Usurbilgo hondakinen tratamenduari buruzko herri galdeketa hartuko dute ahotan: galdeketa "burutzeko galdera onartzea eta izapidetza abian jartzea", horri buruz eztabaidatu eta bozkatu beharko dute udal ordezkariek.

Gogoan izan, urtarrilaren 30ean entregatu zizkiola Erraustegia Erabakia herri plataformak Usurbilgo Udalari, gai honi buruzko galdeketa antolatzea eskatzeko azken hilabeteotan jasotako 1.185 usurbildarren sinadurak. Herritarrek eginiko eskaera gauzatzeko "egin ahalak eta bi egiteko" prest agertu zen Udala. Lehen urratsa, datorren astearteko osoko ohiko bilkuran emango dute. Albiste honi atxikitako bideoan duzue urtarrilaren 30eko ekitaldi hark emandakoa, baita esteka honetan ere: Erraustegia Erabakiak bildutako sinaduren entrega Udalari

Osoko ohiko bilkura

Eguna: otsailak 23, asteartea.

Ordua: 18:00.

Tokia: udalbatza aretoa.

Gai zerrenda:

1.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2016ko urtarrilaren 18tik otsailaren 11ra (2016/0027-2016/0115).

2.- Noaua! Kultur Elkartearen eta Usurbilgo Udalaren arteko hitzarmena onartzea.

3.- 2016 urteko Lanpostuen Zerrenda eta Plantilla Organikoaren aldaketa hasieraz onartzea.

4.- Erakundeen arteko jarduerarako eta koordinaziorako I. Udal Protokoloa (Genero indarkeriaren eta sexu erasoen biktima diren emakumeei arreta hobea emateko) onartzea.

5.- Usurbilgo hondakinen tratamenduari buruzko herri galdeketa burutzeko galdera onartzea eta izapidetza abian jartzea.

6.- Erakunde Adierazpena: 2016ko martxoak 8.

7.- Erakunde Adierazpena: SEAD-en aldarrikapenaren 40. urteurrena.

8.- Mozioa: Gure elkartasuna emakume eta herri kurduarekin.

9.- Galdera-eskaerak.