Euskal presoak etxeratzeko aldarria, Foncalentera eraman dute usurbildarrek

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 22a, 11:25

70 bat autobus eta 3.500 bat herritar abiatu ziren larunbat goizaldean, Ezker Abertzaleak 40 espetxeetara antolatu zituen martxetara. Usurbilgo Oiardo Kiroldegitik ere autobus bat atera zen Foncalenteko kartzelarantz. 35 herritar guztira. Autobusa, Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaiako herritarrekin osatu zuten. Foncalenten ziren larunbat eguerdirako, iluntzean itzuli ziren etxera. Albiste honetan beherago dituzue, bidali dizkiguten zenbait argazki.

Gogoan izan, hain zuzen, bi herritar daudela Foncalenten; Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster. Ezker Abertzaleak martxan duen Abian prozesuaren testuinguruan antolatu ditu martxa hauek. Batetik, euskal presoak euskal herriratzea eskatzeko, espetxean daudenei elkartasun eta babes osoa adierazteko. Baita eragile bezala, Abian prozesu honetan espetxeratuek parte hartzeak duen garrantzia azpimarratzeko ere, joan den asteko NOAUA!rako Olatz Altuna eta Joxe Domingo Aizpurua preso ohiek eskainitako elkarrizketan adierazi dutenez. Esteka honetan irakur dezakezue Abian prozesuari loturiko elkarrizketa osorik:

http://www.noaua.eus/2016/02/18/prozesu-independ…-jarri-nahi-dugu/ ‎

Abian prozesuari loturiko hurrengo hitzorduak

Martxoak 5, larunbata

09:30 Batzarra Potxoenean: "Balantze eta testuinguruaren egoeraren eztabaida".

Martxoak 19, larunbata

09:30 Batzarra Potxoenean: "Definizio estrategiko eta eztabaida eta etorkizuneko garapenaren zehaztapena".

Apirilak 16, larunbata

09:30 Batzarra Potxoenean: "Txosten erabakitzailearen aurkezpena, eztabaida eta bozketa".

Abian prozesurako aurkeztu duten txostena osorik, hemen: Abian txostena

Deitzailea: Usurbilgo Ezker Abertzalea.

Irudiak: Xingolari.