Usurbilgo bikoteetako bat, EH-ko Mus Txapelketako finalerako sailkatua

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 22a, 10:47

Larunbatean jokatu ziren Euskal Herriko 8. Mus Txapelketako herrialde mailako finalak; Gipuzkoakoa, Alegiako kultur etxean. Antolatzaileen esanetan, "oraindik finala jokatu ez bada ere, dagoeneko badugu Gipuzkoatik Zuberoara bertaratuko diren 32 bikoteen zerrenda". Beste herrialdeetako sailkatuekin batera, martxoaren 5ean Urdiñarben (Zuberoa) ospatuko den final handira igaro diren gipuzkoarren artean, Usurbilgo bikote bat dugu; Aitor Makazaga Beristain eta Juantxo Iraola Otaño. Zorionak! Migel Angel Goenaga Etxeberria eta Iñaki Esnaola Zabala usurbildarrek ere parte hartu zuten otsailaren 20ko saioan, Zuberoako finalerako sailkatu ez arren.

Gipuzkoatik sailkatu diren gainerako bikoteen zerrenda, esteka honetan duzue: Urdiñarberako sailkatuak

Final nazionala, laster:

-Martxoak 5, larunbata

Final nazionala Urdiñarben (Zuberoa).

Sariak:

Txapeldunak: txapela, garai ikurra, 3.000 euro eta Karibera bidaia dena barne, 4 lagunentzat.

Txapeldun ordeak: garai ikurra, 1.500 euro eta bi lagunentzako bidaia Kanariar Uharteetara.

3. bikote sailkatua: 750 euro eta asteburuko egonaldia 4 lagunentzat.

4. bikote sailkatua: 500 euro eta euskaraz ikasteko urte osorako 2 matrikula.

5-16 postu arteko bikote sailkatuentzat: sari txikiagoak.

Informazio gehiago eta albiste honetako irudiak: ehmus.eus

Antolatzailea: Euskal Herriko Mus Federazioa.