Hernaniko alkate Luis Intxauspe, Udalbiltzako lehendakari berria

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 22a, 11:24

Lekuko aldaketa eman da Udalbiltzan, Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrean. Erakunde barruko Nazio Gobernua hautatu eta berritu zuten batzarkideek, larunbatean Atarrabian egin zuten nazio biltzarrean. 2013. urteaz geroztik Usurbilgo alkate ohi Mertxe Aizpurua da Udalbiltzako lehendakaria, aurrerantzean, egun Hernaniko Udaleko alkate dena izango da;  Luis Intxauspe. Otsailaren 20ko biltzarrean irudikatu zuten aginte makilaren esku aldaketa. Lehendakariaz gain, herrialde desberdinetako 12 gobernukide ere aukeratu ziren saio berean. Gobernukideetako bat, Usurbilgo Udaleko zinegotzi Alaitz Aizpurua izango da.

Eskainitako konfiantzagatik batzarkideei eskerrak eman zizkien Intxauspek. Bere esanetan, erakunde eta hautetsien artean apurtuak dauden zubiak eraikitzea izango da talde berriaren lehen erronka. Horren harira, bilera erronda iragarri du udalekin. Honez gain, Euskal Herriko hautetsiek Udalbiltzarekin bat egin dezaten elkarlana sustatzen segiko dutela iragarri zuen, "Udalbiltzak oraindik potentzialitate asko handiagoa du" eta.

Zazpi herrialdeetako 262 udaletako ia mila hautetsik atxikimendua adierazi diote jada erakundeari. Baina babes handiagoa lortu nahi dute. “Egoera politiko berria dugu, eta Euskal Herria aintzat hartzen duen orok tokia du Udalbiltzan, zabalik ditugu ateak eta uste dugu udal ikuspegitik herrigintzan sinesten duena, elkarlana bultzatu nahi duena eta kontsentsu berrietara iritsi eta akordioak nahi dituena oso eroso egon daiteke Udalbiltzan lanean. Horixe da gure lehen erronka”, Udalbiltzako nazio gobernu berriaren esanetan.

Balantzea

Azken urteotako jardunak emandakoa ere gogorarazi du Udalbiltzak, ohar bidez. "2013ko martxoan Donostiako Victoria Eugenia antzokian egindako batzarraren ondotik Euskal Herriaren datuen ezagutzan, garapenean eta kohesioan urratsak egin ditu Udalbiltzak, gure nazioaren egituratzea laguntzeko eta udalen arteko saretzea sustatzeko. Horrela, Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoa sortu ditu, Pirinioetako Lan eta Bizi egitasmoa indarrean ipini du eta ondorioz hamarnaka hitzarmen sinatu ditu erakunde eta eragile txiki zein handirekin. Bestetik, Naziotasunari buruzko gogoeta egin du, Euskal Herriaren marka eta posizionamendua munduan zehar kokatzeko asmoz eta udalerrien eta Unibertsitatearen arteko zubi lana egiteko Ikerbiltza egitasmoa sortu du, dagoeneko emaitza bikainak ematen ari dena".

Hasi besterik egin ez duen lanari segida emateko asmoa du Udabiltzak, aurrerantzean. Erakundeak, "erronkak berrikusi behar ditu, etorkizuneko helburuak finkatu, erronkei heltzeko bitartekoak zehaztu…".

Argazkia eta bideoaren egilea: udalbiltza.eus