Beterrin berrikuntza soziala lantzeko topagunea ostiralean

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 23a, 02:25

Donostia-Beterri eskualdeko udalek, Foru Aldundiaren laguntzaz eta Urola Erdiko Berrikuntza, Iraurgi Berritzen Garapen Agentziarekin eta Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean, Beterri eta Urola Erdia eskualdeetan berrikuntza soziala lantzeko Urberritzen proiektua abiatu dute. Iaz martxan jarritako Beteberritzen egitasmoaren segida da honakoa, bigarren fasea, otsailetik ekainera garatuko dena.

“Urberritzen egitasmoaren helburu nagusia da Beterri eta Urola Erdia eskualdeetan berrikuntza sozialean ardaztutako dinamika iraunkor bat sortzea eta eragileen arteko artikulazioa hobetzea, etorkizunean eskualdeko erronka sozialei erantzun propioagoak eta egokiagoak eman ahal izateko eta lankidetza-proiektu berriak sortzeko”, Elhuyar Aholkularitzak ohar bidez berri eman duenez.

Otsailetik maiatzera eskualde bakoitzak bere prozesua egingo du, eta maitzetik aurrera, “bi eskualdeek bat egitea da asmoa, eskualdeen arteko harremanak eta esperientziak landu eta partekatzeko”. Prozesu honen baitan 4 topagune antolatuko dira; lehenengoa ostiral honetan, otsailak 26, 10:00-13:00 artean, Hernaniko Gabriel Zelaia eraikinean. Bertan egitasmoa aurkeztu eta “tokiko garapen-ereduen bi kasu praktiko emango dira ezagutzera: Azaro Fundazioa eta Bagara Elkartea”.

Eragileei, parte hartzeko deia

Prozesu honetan parte hartzera animatzen dituzte denetariko eragileak, “aberasgarria izango baita arlo bateko eta besteko erakundeen ekarpenak jasotzea eta ikuspegiak eta esperientziak partekatzea. Orain, eragileen mapa osatzen ari dira, topagunera eragile estrategiko berriak (ekonomikoak, sozialak, hezkuntzakoak, publikoak…) erakartzeko eta prozesuan parte hartzera gonbidatzeko. Hala ere, eragile berrien ekarpena ez ezik, garrantzitsua izango da iaz parte hartu zuten erakundeen ekarpena ere, eta, horregatik, eskualdeko eragile guztiak animatu nahi dira prozesu berri honetan parte hartzera”.

Bilkurara gerturatu nahi duzuenok, bideotatik eman dezakezue izena:

688684956 – 688685586

enpresa@andoain.eus