Ez zegoen aurreikusia gai zerrendan, baina aldez aurretik dekretuz onarturiko erabaki bat udalbatzak berrestea proposatu zuen gobernu taldeak, astearte arratsaldean egin zen osoko ohiko bilkura amaieran, galdera-eskaeren tartean. Gai zerrendan sartzea aho batez onartu zuten udal ordezkariek.
Dekretu horren arabera, Udalak auzitara eraman asmo du, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) 2016ko tasak igotzeko hartutako erabakia. Abenduaren 31n eman zuen ezagutzera erabakia Kontsortzioak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO). "Erabaki oso kaltegarria", Xabier Arregi alkateak astearteko osoko bilkuran zioenez. Kaltegarria bai udalerri honen ekonomiarentzat, baita herriaren nahiz herritarren interesentzat ere. Kontsortzioaren erabakiak, 60.000-70.000 euroko gainkostua eragingo baitu usurbildarrentzat, gobernu taldearen esanetan.
Usurbilgo Udalak jada behin betiko onartuak dituen aurrekontuekin egin beharko die aurre, gastu berri honi. Eta ez 2016an bakarrik, datozen urteotan ere antzeko egoera errepikatu baitaiteke. "Usurbildarrok gehiago ordaindu beharko dugu, sortzen ez ditugun hondakinengatik", zioen alkateak. GHK-k biohondakinen tratamenduagatik ordaindu beharreko diru-kopurua igotzea erabaki duela eta, alkateak gaikako bilketan udalerri honek egiten duen ahalegina penalizatu nahi dutela salatu zuen.
Bidegabetzat jo zuen egoera hau eta "usurbildarron eskubideak jokoan" daudela gogoraraziz, Udalak gai hau auzitara eraman asmo duela jakinarazi zuen. Jada onartua duen dekretuak jasotzen duenez, auzi errekurtsoa aurkeztuko du Udalak. Horretarako abokatua ere izendatua du.
"Ez zaigu ezertan lagundu"
Izendapen honekin desados agertu zen EAJ-PNV. Gobernu taldeak gai honi buruzko argibideak eman ostean, talde barruan hitz egin ahal izateko etenaldia eskatu zuten. Etenaldiaren ostean, desados agertu zen EAJ, defentsa lanak egiteko Udaleko lan taldetik kanpo dagoen pertsona bat kontratatu nahi delako. Gobernu taldetik erantzun zitzaien esanez, "modu sakonean lantzeko gaia" dela honakoa, "lan espezifiko bat" eskatzen duela gai honek, eta horregatik hautatu dutela izendatu duten abokatua.
Honez gain, Alaitz Aizpurua zinegotziak, GHK-k 2016rako tarifak onartu zituenetik gaur arte, auzibidea saihesteko, gaiaz informatu, eztabadaitu eta negoziatzen ahalegindu direla gaineratu zuen, "baina ez zaigu ezertan lagundu, ezta informatu ere" zioen.
Azkenean, aurka bozkatu zuten jeltzaleek. PSE-EE-ko udal ordezkaria abstenitu zen. Edozein kasutan, EHBilduren babesarekin gehiengo osoz berretsi zuten, aurrez jada dekretu bidez erabakia zegoena.
Udalerri gehiago, egoera berean
Albiste honi atxikiko argazki eta bideoan, Usurbil, Hernani eta Oiartzungo alkateek, San Marko Mankomunitateen aurrekontuen eta GHK-k onarturiko tarifa igoerak salatzeko hilabete hasieran egin zuten agerraldiaren berri. Usurbilez gain, badira egoera berean dauden udalerri gehiago ere Mankomunitatean.