Genero indarkeriaren eta sexu erasoen biktima diren emakumeei arreta hobea emateko, erakundeen arteko jarduerarako eta koordinaziorako I. Udal Protokoloa onartu zuen udalbatzak aho batez, astearteko osoko ohiko bilkuran.
Erabaki hau hartzen lehena dugu Usurbil inguruotan, Josune Estella parekidetasun alorreko udal zinegotziak berri eman zuenez. Onartu den dokumentuak irekita segitzen du halere, oraindik beraz, ekarpen berriak jasotzeko aukera bada.
Protokoloaren lanketa 2011. urtean abiatu zuen Udalak kontrataturiko Sortzen enpresak. Ordutik bide hau jorratu du gaiak, gaur arte:
2011: Genero indarkeriaren prebentziorako eta indarkeria mota hau jasan duten emakumeei laguntza eskaintzeko udal politiken diagnosia egin zen.
-Gero, arreta zerbitzuan parte hartzen duten udaltzain, gizarte edota osasun langileekin formazioa landu zuten.
-Segidan, eragileen parte hartzearekin protokoloa definitzeari ekin zioten.
2012: protokoloaren azken bertsioa esku artean zuen Udalak. Protokoloan parte hartzen duten erakundeei helarazten die zirriborroa, azter dezaten. Ekarpenak jasotzen dira. Ertzaintzako arduradunek euskaraz ez zekitela eta, dokumentua erdarara itzultzea eskatzen dute.
2014: Ertzaintzak bere ekarpenak egin eta dokumentua osatzen da.
2016: otsailaren 18an Parekidetasun eta Aniztasun Batzordeak aho bateko babesa eman ostean, otsailaren 23ko osoko bilkuran aurkeztu eta aho batez onartu dute udal ordezkariek, protokolo berri hau.