Kultura, Euskara eta Gazteria Batzordeak aho batez onartu ostean, astearteko osoko bilkurara eraman zuen gobernu taldeak, NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Udalaren arteko lankidetza hitzarmena berritzeko proposamena, duela lau urte sinaturikoa zaharkitua geratu baita, epe bukaerara heldu baita.
2012ko "hitzarmen horren jarraipena da gaur dakarkiguna", zioen Xuban Zubiria udal zinegotziak astearteko osoko bilkuran. Udalbatzak aho bateko babesa eman zion hitzarmena berritzeari.
Euskara eta euskal kultura, ardatz nagusiak
2012an sinatu zen hitzarmena hartu da oinarri gisa, datozen lau urteotakoa lantzerakoan eta bere helburua, "NOAUA! Kultur Elkartearekin dirulaguntza-erregimena eta prekarioz lagatuko dion lokalaren erabilpena arautzea da". Hitzarmenak noski, helburu gehiago ditu:
-Euskararen erabilera zabaldu, Usurbilgo bizitza-esparru guztietan normaldu eta bermatu eta garai berrietara egokitzeko aberastea.
-Euskal kultura zaindu eta ezagutzera ematea, iraganeko sustrai kulturalak galtzen ez uztearren eta sortuko den kulturgintza bermatuz.
-Gaur egungo kulturgintzan jardutea, bertakoa landuz. Kulturgintza unibertsala herriratzeko zubi eta bitarteko izatea.
-Usurbil ezagutzera emateko bide egokiak taxutzea. Herrikoak munduan barrena bizi diren beste herri eta kulturak ezagutzeko aukerak gihartzea.
-Aurreko helburuen ildotik, herriaren aurrerabiderako egoki izan litezkeen ekintza, egitura eta jarduera ekonomikoak antolatzea.
4 urterako laguntza bermatua
Hurrengo urteotan Udalak NOAUA! aldizkarirako, noaua.eus web orrirako eta hitzartutako publizitaterako emango dion diru-laguntza zehaztu da; urteko 54.700 euroko laguntza izango da. Trukean, NOAUA! aldizkarian orrialde osoko lau publizitate jarriko ditu Udalak urtero, Santixabel jaiei, Sagardo Egunari, emakumeei eta ingurumenari loturikoak. Honez gain, "NOAUA! Kultur Elkarteak, herriari zuzendutako ekintza guztietan Udalaren laguntza eta babesa jasotzen duela adieraziko du".