Legegintzaldiko udal gobernu programaren aurkezpena, 19:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 25a, 01:55

Datozen lau urteotan, Usurbilgo Udaleko gobernu taldeak gauzatu nahi dituen egitasmoak ezagutzeko aukera izango da gaur. "2016-2020 bitartean Usurbilgo Udal Gobernuak aurrera eramango dituen ekimenik garrantzitsuenak aurkeztuko dira”, ostegunean, otsailaren 25ean, iluntzeko 19:00etan hasita Sutegiko auditorioan. Udalak antolaturiko ekitaldia, irekia izango da herritar ororentzat.

"Jakitun gara proiektu hori ez duela Udalak bakarrik egingo, eta ekimen horiek burutzeko zure eta zuen laguntza beharko dugula. Hori dela eta, Gobernu Programa honen aurkezpenera gonbidatu nahi zaitugu. Epe ertaineko gure herri-proiektua eta bide horretan garatuko ditugun ekintzak aurkeztuko ditugu bertan. Ahal bazenu, gustatuko litzaiguke zu bertan izatea, Usurbilek etorkizunean egin beharreko bidea elkarrekin partekatu dezagun", luzatu dute gonbita.

Gogoan izan, datozen urteotarako programa aurkeztu eta ekarpenak biltzeko aukera izan zuten herri eragileek, abenduan zehar arloka egin zen bilera sortan. Guztira 23 bat ekarpen jaso zituen gobernu taldeak. Saio hauetan behin betiko onartuak dauden 2016ko udal aurrekontuak ere aurkeztu eta proposamenak biltzen aritu zen gobernu taldea, herriko taldeekin. Ostegun honetan jendaurrean aurkeztuko dute, lantzen aritu diren urteotarako gobernu programa.